10:58

Politika

Profila

Aintzane Ezenarro, politikagintzara salto egin zuen kazetaria

IKER GOMEZ / EITB.COM

ETAk 1999. urteko su-etena apurtu ondoren, politikagintzara salto egitea erabaki zuen Aintzane Ezenarrok. Aralarreko legebiltzarkidea izandakoa, hemendik aurrera, biktimen aholkularitzan arituko da.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aintzane Ezenarro Egurbide 1971. urtean jaio zen, Getarian (Gipuzkoa). Kazetaritzan eta Soziologia Politikoan lizentziaduna da, eta hainbat hedabidetan aritu da, tartean EiTBn, Elkargi mugimenduarekin bat egin aurretik.

ETAk 1999. urteko su-etena apurtu zuenean, Aintzane Ezenarrok politika munduan sartzea erabaki zuen. Batasuna alderdia sortzeko prozesuan, ezker abertzaletik bereizi zen Aralar alderdiarekin bat egin zuen Ezenarrok 2001. urtean.

Bi urte geroago, Getariako zinegotzi aukeratu zuten, eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere lanean izan zen. Ez zuen legealdia amaitu, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako Aralarreko zerrendaburu aukeratu baitzuten 2005ean. Eserlekua lortu eta Aralarreko ordezkari bakarra izan zen 2005. urtetik 2009. urtera bitartean.

Legebiltzarrean Balentziaga Museoaren kudeaketa ikertzearen alde egin zuen, eta Ibarretxeren Gobernuak adostutako hainbat erabaki babestu zituen.

2009. urteko hauteskundeetan Aralarrek hiru ordezkari lortu zituen, eta, horrenbestez, talde propioa osatu zuen.

2012. urteko martxoan, Legebiltzarreko Bake eta Bizikidetza Lantaldea sortzea adostu zuten, Ezenarrok berak aurkeztutako mozioa oinarritzat hartuz. Handik bi hilabetera, Aralarreko zuzendaritzak Aintzane Ezenarro, Mikel Basabe eta Oxel Erostarbe legebiltzarkideak alderditik botatzea erabaki zuen, zuzendaritzak emandako agindua ez errespetatzeagatik.

Izan ere, alderdiaren iritziz “oso larria” izan zen Aralarreko legebiltzarkideek lantalde horren sorreraren alde botoa ematea, zuzendaritzak kontrakoa erabaki zuela jakinda.

Lantalde horretan ezker abertzalea ere egotea nahi zuen Aralarreko zuzendaritzak. Ezenarroren ustez, ezker abertzaleak bere ekarpenak egin zitzakeen, eta, horrenbestez, lantaldea sortzearen alde bozkatu zuen.

Behin legealdia amaituta, hiru legebiltzarkideek kargua utzi zuten.

2013ko ekainean, Jonan Fernándezek zuzentzen duen Bakegintza eta Bizikidetza idazkaritzan lanean hasi zen, hezkuntza alorrean aholkulari moduan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena