Politika
Izendapena
Erredakzioa
Urkijo iragan astean kargugabetu zuten, 12 urte eman ondoren Jaurlaritzan, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoan.
Albisteak (9)
Bideoak (2)
Informazio gehiago (2)
Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarrianak hartuko dute Txema Urkijoren tokia Eusko Jaurlaritzaren Biktimen Arretarako Bake eta Bizikidetza Idazkaritzan, EiTBk jakin ahal izan duenez.
Iñigo Urkullu lehendakariak onartu du Biktimen eta Giza Eskubideen Zuzendaritza indartzeko proposamena, eta, beraz, Aintzane Ezenarrok eta Enrique Ullibarriaranak osatuko dute Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiaren egitura, biktimen politiketarako aholkulari modura. Biek ala biek onartu dute proposamena.
Horrela, bada, Txema Urkijoren kargugabetzearen ondoren, Jonan Fernández buru duen Bake eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusiak hiru pertsona izango ditu biktimen politikak garatzeko.
Batetik, Monika Hernando, Giza Eskubideen eta Biktimen zuzendaria, eta berarekin batera bi aholkulari, Aintzane Ezenarro eta Enrique Ullibarriarana.
Jaurlaritzak ohar batean azaldu duenez, " esperientzia zabal eta osagarria dute denek biktimei lotutako politika publikoen inguruan, giza alorrean, sozialean, hezkuntzari dagokion alorrean, juridikoan, zein instituzionalean. Biek erakutsi dute euren ibilbide luzean biktimekiko konpromiso eta sentsibilitatea".
Lehendakariak izendatu berri dituzten bi pertsonen "sentsibilitatea, konpromisoa eta ibilbidea" azpimarratu du.
Halaber, datozen egunetan aholkulari berriek jarraituko duten lan-ibilbidea diseinatzen hasiko direla azaldu du. Halaber, biktimen elkarteekin bilera-sorta bat egitea aurreikusi dute.
Enrique Ulliabarriarana
Enrique Ullibarriarana (Aramaio 1961) Eusko Jaurlaritzako langile publikoa da. 1990ean hasi zen biktimei laguntzen eta hauekin hartu-emanean, biktimenganako arretaren arduradun gisa. Eusko Jaurlaritzak biktimei zuzenduta abian jarri zituen politika publikoen hastapenak ziren.
Biktimen Arretarako Bulegoa sortu zenetik, bere ardura izan da biktimen eguneroko arreta, biktimen beharrizanei erantzuna ematea eta erakunde eta administrazioarekiko hartu-emanetan laguntza osoa eskaintzea. 25 urte daramatza Eusko Jaurlaritzak biktimei eman dien arreta eraikitzen, eta beti izan du biktimekiko erabateko konpromiso eta inplikazioa.
Aintzane Ezenarro
Aintzane Ezenarrok (Getaria, 1971) biktimei lotutako jarduera publikoa 2003an hasi zuen, Gipuzkoako Batzar Nagusietako batzarkide izan zenean lehenengo, eta legebiltzarkide izanda gero (2005-2012). Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideetako Batzordeko kide izan zen, baita Terrorismoaren Biktimen Lantaldeko kidea ere. Terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako 4/2008 legea prestatzen parte hartu zuen. Garai hartan Estatuko biktimen elkarteak bisitatu zituen Giza Eskubideetako Batzordeen orduko presidentearekin, Iñigo Urkullurekin.
Honetaz gain, motibazio politikoko indarkeria-egoeran gertatutako giza eskubideen urraketen eta sufrimendu bidegabeen biktimen lantaldeko kide izan zen Legebiltzarrean. 2012an, Bake eta Bizikidetzarako lantaldearen sorrera bultzatu zuen, eta bertan, zoru etikoa adostu. 2013ko ekainetik hona Eusko Jaurlaritzako aholkularia izan da Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailean, Bake eta Bizikidetza gaietarako. Zehazki, Adi-adian modulua, ikastetxeetara biktimen testigantza eramateko ekimena, indartzearen arduraduna izan da.
Urkijo iragan astean kargugabetu zuten, 12 urte eman ondoren Jaurlaritzan, Terrorismoaren Biktimen Arretarako Bulegoan. Kargugabetzea Jonan Fernándezek zuzentzen duen Bake eta Bizikidetza Idazkaritzarekin zituen "diferentzien" ondorioz etorri zen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa