10:26

Politika

Eusko Legebiltzarra

Autogobernuaren lantaldeko agerraldiak maiatzaren 28an hasiko dira

Erredakzioa

PSE-EEk iragarri duenez, Patxi Lopez izango da proposatuko duen hizlarietako bat. EH Bilduk aspaldi jakinarazi zuen, besteak beste, Arnaldo Otegi eta Alex Salmond eraman nahi dituela.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Legebiltzarreko autogobernurako lantaldea apirilaren 30ean bilduko da berriro, eta ordurako alderdiek zehaztuta izan beharko dituzte estatus juridiko-politiko berri baten inguruan hitz egiteko zein aditu eramango dituzten. Aditu horien agerraldiak maiatzaren 28an hasiko dira.

Gaur goizean egin duten bileran, lantaldeak erabaki du hamabost egunean behin elkartuko direla.

Agerraldien faseak urtebete baino gehiago iraun dezake, 40 inguru izango baitira, eta epe horretan Espainiarekiko "independentziaren" eta "dependentziaren" inguruko txosten ekonomiko bat egingo dute.

Talde parlamentarioek lantaldearen lan egiteko modua aztertu dute gaurko bileran, Espainiako Diputatuen Kongresuak Kataluniako Parlamentuari kontsultak antolatzeko eskumena ez ematea erabaki ostean.

Alderdiek, gehienez, 9 agerraldi eskatu ahal izango dituzte, UPyDren salbuespenarekin, horrek lau besterik ezingo baititu eskatu. Asmoa da bilera bakoitzean bi hizlarik parte hartzea eta, martxa horretan, fase horrek urtebete inguru iraungo duela espero dute.

Gaurkoa izan da lehenengo bilera ofiziala, eta bertan, EH Bildu eta PSE-EE izan dira agerraldietarako hizlariak aurkeztu dituzten bakarrak. Asko jota, bederatzi proposa ditzakete.

Hizlariak

Joseba Egibarrek (EAJ) iragarri du EAJrekin harremanik ez duten pertsonak ekarri nahi dituztela; izan ere, "kontua ez da alderdien ikuspuntua berrestea". Hala ere, Jose Antonio Ardanza eta Juan Jose Ibarretxe lehendakariek parte hartzea gustatuko litzaiokeela esan du.

EAJk, EH Bilduk egin duen bezala, Kataluniako eta Eskozian bizi diren prozesuetako ekarpenak entzuteko aukera izatea eskatu du.

PSE-EEk zortzi izen eman ditu. Patxi Lopez PSE-EEren idazkari nagusiaz gain, Jose Maria Benegas PSE-Eeko presidente ohia, Ramon Jauregi lehendakariorde ohia, eta Jose Ramon Rekalde eta Joseba Arregui sailburu ohiak izango dira sozialisten proposamenak.

EH Bilduk aspaldi aurkeztu zuen autogobernuari buruzko lantaldean agerraldia egiteko deituko dituen pertsonen zerrenda.

Besteak beste, Alex Salmond Eskoziako ministro nagusia, Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia deitu nahi ditu koalizio abertzaleak, Laura Mintegi bozeramaileak iragarri zuenez.

Koalizio abertzaleak honakoak ere deitu ditu: Carme Forcadell Kataluniako Batzar Nazionaleko (ANC) presidentea, Daniel Turp Quebeceko politikaria, Ainhoa Larrañaga komunikazio aditua eta Koldo Saratxaga enpresa aditua.

PPtik, Borja Semperrek baieztatu du Joseba Arregi, Javuer Corcuera eta Alberto Lopez Basagurenen agerraldiak eskatuko dituztela, besteak beste. Azaldu duenez, zuzenbidean adituak diren pertsonen agerraldiak eskatuko ditu PPk, autogobernuari buruzko “ikuspuntu teknikoa eta juridikoa” eskaini dezaten.

UPyDk, berriz, izen asko ditu mahai gainean, eta guztien artean aukeratu beharko du, Gorka Maneirok esan duenez. Tartean, Fernando Savater, Rosa Diez eta Carlos Martinez Gorriaran izan litezke.

Txostenak

Agerraldiak koordinatzaile bat izango du: Jone Berriozabal EAJren parlamentaria. Berriozabalek azaldu duenez, taldeek txostenak eskatzeko aukera izango dute. Horiek eta agerraldiak hilaren 30eko bileran zehaztuko dituzte.

EAJk iragarri du hainbat txosten eskatuko dituela bere taldeak: besteak beste, autogobernuaren eta Euskal Herriaren menpekotasunaren kostu ekonomikoari buruzkoak galdegingo ditu.

PPk ere txostenak eskatu nahi ditu, alderdiaren bozeramaileak azaldu duenaren arabera. Zehazki, oraindik egin gabe dauden transferentziei buruzko txosten bat, eta Euskadik eta ezaugarri berdintsuetako Europako beste eskualde batzuen arteko konparaketa juridikoa eskatu nahi dituzte.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena