19:17

Politika

Diputatuen Kongresua

EAJ: 'Bi patata bero dauzkazue: kataluniarra eta euskal patata'

L.E. / E.A. | eitb.com

Aitor Esteban EAJko bozeramaileak "Konstituzio tranpa" batean babestea aurpegiratu dio Rajoyren Gobernuari: "Herri guztientzako kartzela den konstituzioa".

3:39
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Aitor Esteban EAJko diputatuak "bi patata bero dituztela" ohartarazi dio Rajoyren Gobernuari: "Kataluniako patata, eta euskal patata", Kataluniako eta Euskal Herriko erabakitzeko eskubideen inguruan sortutako iskanbilei erreferentzia eginda.

Halaber, Espainiako Gobernuak Kataluniako eta Euskal Herriko arazoak konpontzeko agertu ohi duen "borondate eza" salatu du bozeramaile jeltzaleak: "Eta honarte iritsi gara; Estatutik alde egiteko galdeketa bat egitera arte", esan du Estebanek Joan Herrera ordezkari katalanak Ibarretxe Planaren eztabaidan esandako hitz batzuei erantzunda.

Jarraian, EAJko kideak erabakitzeko eskubidea ukatzeko Konstituzioa alde batera utzi eta, Euskal Herriaren kasuan behintzat, beste argudio bat bilatzeko eskatu dio Rajoyri: "gure kasuan zentsoaren % 30ak bakarrik eman zuen boza Konstituzioaren referendumean, guk ez genion oniritzirik eman", azaldu du.

"Erabakitzeko eskubidea ukatzeko orduan, ez esan legea aldaezina dela, sinestarazi iezaiezue kataluniarrei Espainiaren barruan egoteak dituzten abantailak", gomendatu die Estebanek.

Kataluniako galdeketaz aritu denean, borondate politikoa egonez gero Konstituzioaren baitan konpontzeko moduko gaia dela esan du Aitor Estebanek, izan ere, bere iritziz, Konstituzioa "aste eta erdian" alda daiteke, aurrekontuen egonkortasuna bermatzeko helburuak sartzeko egin zuten moduan.

EAJko bozeramaileak "legezkotasuna demokraziarekin nahastea" leporatu die PP, PSOE eta UPyD alderdiei, eta XXI. mendea "inposizioen, indarraren eta gauzak irenstearen mendea" ez izateko proposamena egin du.

Errekondo: ''Ea euskal gizartearen gustuko tortilla egiten dugun''

Xabier Mikel Errekondo Amaiurreko bozeramaileak Aitor Esteban jeltzaleari zuzendu saio agerraldiaren hasieran. ''Hitz egin dezagun pataten inguruan lehenago Euskal Herrian, ea euskal gizartearen gustuko tortilla egiten dugun'', esan dio EAJko ordezkariari.

Amaiurreko diputatuaren ustez, Artur Masek erabaki egokia hartu du gaurkoan Kongresura ez joanda, Errekondoren hitzetan, ''partida jada ez baita Espainian jokatzen; Katalunian jokatzen da''.

Errekondo_Congreso

Gobernuaren jarreraren inguruan, Amaiurreko ordezkariak esan du ''demokrazia legeen gainetik dagoela''. ''Zuen legeekin mehatxatu egin gaituzue; baina horrek ez du funtzionatzen, eta zuek jakin badakizue. Porrota baino ez duzue lortuko'', esan du. ''Gaurkoan espainiar Estatuak porrot egingo du berriz, bere harrokeriak eta itxikeriak ez dutelako gizartea geldiaraziko''. Errekondoren aburuz, ''herritarrek ulertu dute erabakitzeko eskubidea garrantzitsuegia dela politikoen esku uzteko''.

Halaber, Amaiurreko ordezkariak adierazi dU Euskal Herria ere martxan dagoela, ''gure erritmoan''. ''Euskal Herrian argi daukagu. Etorkizuna gure esku dago'', gaineratu du.

Uxue Barkos: 'Nik Kataluniaren ahotsa entzun nahi dut'

Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak Kataluniako galdeketa subiranista egitearen alde agertu da, Kataluniako herritarren ahotsa "garbi eta interferentziarik gabe" entzuteko.

Katalunia "maite" dutenei zuzendu zaie Barkos, Kataluniarekin "konfiantza" dutela esaten dutenei, orain beharrezkoa dena kataluniarrei "entzutea" dela esateko.

"Nik bai; Kataluniaren ahotsa entzun nahi dut", azaldu du ordezkari nafarrak, eta, horrekin batera, kataluniarrei bozkatzen uzteko eskatu die PPri eta PSOEri, "beraien buruei tranpari egin gabe".

 

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena