Politika
Apirilaren 19 eta 20an
Larresoron eta Iruñean ospatuko da aurtengo Aberri Eguna
Erredakzioa
"Testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial esanguratsu" batean egingo da ospakizuna, "herrien erabakitzeko eskubidearen eztabaida zabalik dago eta Europan eta Euskal Herrian", esan dute.
Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Abertzaleen Batasuna (AB) alderdiek bat eginda ospatuko dute 2014ko Aberri Eguna, Larrensoron (Lapurdi) apirilaren 19an eta Iruñean 20ean.
Amaia Izko Sortuko bozeramaleak, Pello Urizar EAko idazkari nagusiak eta Mertxe Colina ABko kideak testu bana irakurri dute, gazteleraz, euskaraz eta frantsesez, hurrenez hurren, eta, ziurtatu dutenez, "Eskozian bezala, Kataluniak eta gainerako herriek, Euskal Herriak ere bai, etorkizuna modu askean erabakitzeko eskubidea dute".
Aurkezpen ekitaldian, Rebeka Ubera Aralarreko organizazio idazkaria eta Oskar Matute Alternatibako koordinatzailea ere izan dira, Aberri Eguna ospatuko duten bost alderdien beste kide batzuekin batera.
"Testuinguru politiko, ekonomiko eta sozial esanguratsu" batean egingo da ospakizuna, "herrien erabakitzeko eskubidearen eztabaida zabalik dago eta Europan eta Euskal Herrian", esan dute alderdiotako ordezkariek. "Eskoziak eta Kataluniak, oztopoak gaindituz, berezko prozesuak martxan jartzea lortu dute", gaineratu dutenez.
Bost alderdiok ziurtatu egin dute Aberri Egunean Euskal Herriari "estatu bihurtzeko" dagokion "eskubidea" aldarrikatuko dutela, horretarako, "zuhurtziaz jokatzeko eta akordio zabalak ahalbidetzeko ordua da".
Halaber, "elkarlana eta Nafarroako, Euskadiko eta Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen arteko elkarrizketa politikoa sustatzearen" alde egin dute, "beti ere herritarren hitza errespetatuz", eta "erabakitzeko esparru bakoitzeko zehaztasunak kontuan izanda".