Politika
Kataluniako kontsulta
Kataluniako Gobernuak baztertu egin du kontsulta bertan behera uztea
Erredakzioa
Espainiko Gobernuak finantziazio eredua aldatzea eskaintzen badu ere, deialdiari eutsi egingo diotela aurreratu du.
-
Francesc Homs Kataluniako Gobernuko Presidentzia kontseilaria. EFE
Francesc Homs Kataluniako Gobernuko Presidentzia kontseilariak azaroaren 9ko kontsulta independentistaren deialdiari eutsi dio, eta Espainiako Estatuak finantziazio sistema hobetzea eskaintzen badu ere, ez dutela bertan behera utziko gaineratu du.
RAC-1 irrati katean egindako adierazpenetan, Homsek hizpide hartu du Espainiako Gobernua prestatzen ari den balizko eskaintza, baina horren berririk ez duela nabarmendu du.
Horren haritik, Espainiak zer eskaini baldin badu, eskaintza egiteko deia egin dio, baina ondoren bozkatu egin beharko dela ohartarazi du.
Homsen esanetan, Espainiaren ustezko eskaintzari buruzko informazioak Auzitegi Konstituzionalak kontsulta debekatu eta gero etorri dira. Dena dela, epaiaren "letra txikian" epaileek erabakitzeko eskubidea onartu egiten dutela esan du.
Kataluniako Gobernuaren bozeramailea Espainiako Gobernuari zuzendu zaio, eta kataluniarrak "liluratu" ahal dituela uste badu, proposamena egin dezala eta ondoren bozketa dei dezala eskatu du.