Politika
Eusko Legebiltzarra
Erredakzioa
Gaur jarri da abian egungo euskal estatus politikoa eguneratzeko eztabaida foroa.
Albisteak (4)
Bideoak (1)
Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidenteak ofizialki jarri du abian autogobernuaren lantaldea, eta lantaldeko iturriek azaldu dutenez, hurrengo bilera apirilaren 9an izango dute, lan egutegia zehazteko.
Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura hasi aurretik, alderdietako ordezkariak bildu egin dira lantaldeari hasiera ofiziala emateko. Lantaldearen bilerak irekiak izango dira, ez ateak itxita.
Hauek dira bertan arituko direnak: EAJko Joseba Egibar, Iñigo Iturrate eta Jone Berriozabal; EH Bilduko Hasier Arraiz, Pello Urizar eta Laura Mintegi; PSE-EEko Jose Antonio Pastor, Txarli Prieto eta Rodolfo Ares; PPko Borja Semper, Carmelo Barrio eta Anton Damborenea; eta UPyDko Gorka Maneiro.
Ofizialki abian jarri ostean, lantaldeko kideek bilera laburra egin dute, eta bertan erabaki dute hurrengo bilera apirilaren 9an egitea eta lan egutegia orduan zehaztea.
Erabakitzeko eskubidea
Eusko Legebiltzarrak egungo euskal estatus politikoa eguneratzeko abiatu den lantaldean Legebiltzarreko alderdi politiko guztiak egongo dira, baina lanean hasi aurretik ere nabaria da zatiketa, erabakitzeko eskubidearen inguruan nagusiki.
Gainera, Auzitegi Konstituzionalak Kataluniako Parlamentuak onartutako subiranotasun adierazpena bertan behera utzi eta bi egunera sortu da lantaldea. PPk jada ohartarazi du lantaldeak "aintzat" hartu beharko lukeela Konstituzionalaren ebazpen hori.
EAJk eta PSE-EEk lantaldea sortzea adostu bazuten ere, azken egunotan agerikoa izan da bi alderdien artean dagoen desadostasuna foro honek egin beharreko lana dela eta.
EAJk eta PSE-EEk adostutakoaren arabera (gainerako alderdi guztiak kontra agertu ziren), "estatutuaren lorpenak eta egungo egoera" aztertzea eta, "araudia eta legezko prozedura" errespetatuz, estatusa eguneratzea da lantaldearen helburua, betiere "ahal den adostasun zabalenarekin".
Joseba Egibar EAJren bozeramaileak behin baino gehiagotan adierazi du horrek ez duela baztertzen euskal herritarren erabakitzeko eskubidearen inguruko eztabaida. Baina PSE-EEren arabera, iritzi hori hasierako akordioaren kontra doa.
Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, zirt edo zart egiteko eskatu dio EAJri, koalizio abertzalearekin erabakitzeko eskubiderantz jo nahi duen ala nahiago duen PSE-EErekin adostasunera iritsi, Estatutuari "partxea" jartzeko.
Atzo bertan, Egibarrek ohartarazi zuen mahai gainean egongo zela erabakitzeko eskubidea, eta, "erabateko adostasunik ezean", "gehiengo demokratikoak onak" direla azpimarratu zuen. EAJk eta EH Bilduk botoak batuz gero, gehiengo osoa izango lukete Eusko Legebiltzarrean lantaldeko proposamenak aurrera ateratzeko.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa