11:46

Politika

Iñaki Azkunaren hileta

Jendetza eta emozioa, Iñaki Azkunaren azken agurrean

Erredakzioa

Bilboko Santiago katedrala txiki geratu da, eta Plaza Berrian nahiz Alde Zaharrean milaka herritar elkartu dira, hileta pantaila erraldoien bitartez jarraitzeko.

4:25
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bilboko Santiago katedrala txiki geratu da Iñaki Azkunaren azken agurrean. Hileta hasi baino ordubete lehenago jende andana bildu da katedralean, eta barruan nahiz kanpoan jarritako 4.000 eserlekuak laster batean bete dira.

Goizean goiztik hasi dira herritarrak katedralera hurbiltzen, minbiziak jota ostegunean hil zen Bilboko alkateari agur esateko asmoz. Plaza Barrian eta Zazpikaleetan ere ia 8.000 lagun elkartu dira, hileta pantaila erraldoien bitartez jarraitzeko.

Hileta Mario Iceta Bilboko gotzainak eta Luis Alberto Loyo katedraleko deanak zuzendu dute. Bertan izan dira Asturiasko printze-printzesak, Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea, Iñigo Urkullu lehendakaria eta Eusko Jaurlaritzako ordezkariak.

Carlos Garaikoetxea, Jose Antonio Ardanza, Juan Jose Ibarretxe eta Patxi Lopez lehendakariak elkarrekin iritsi dira Santiago katedralera.

Horiez gain, alderdi politikoetako ordezkariak, erakundeetako agintariak, botere judizialeko kideak, enpresariak, erakunde sozial eta ekonomikoetako buruzagiak eta kultura eta kirol arloko ordezkariak izan dira, baita Espainiako Armadaren, Poliziaren eta Ertzaintzaren ordezkariak ere.

Iceta: "Gozamenez eta esker onez gordeko dugu zure oroimena"

Mario Iceta Bilboko gotzainak azpimarratu du Iñaki Azkunak "bokazioz" eta "herritarren ongizatearen alde" lan egin duela beti, administrazio publikoan nahiz Bilboko Alkatetzan aritu den urteetan.

Homilian esan duenez, Azkunak "bakean, lasaitasunez eta itxaropenez" igaro zituen "bere erromesaldiaren" azken egunak.

Hilzorian zela, etxean egin zion bisitan Azkunak esan zizkion hitzak gogoratu ditu: "Ohe gainean zeukan Kristo eder baten argazki bati so eginez, ondokoa esan zidan: Bera nire bila atera zen, aurkitu ninduen eta deitu egin zidan; eta ordudanik, ez dugu elkar abandonatu, ez berak ni, ez nik bera".

"Heriotzak eragiten duen mina eta estualdia Kristoren eskuetan jarrita baretzen dira, maite gaituelako eta miserikordiaz itxaroten gaituelako", erantsi du.

Azkunak Begoñako Andra Mariari beti erakutsi izan dion "maitasuna" goraipatu du Icetak. "Gozamenez eta esker onez gordeko dugu zure oroimena", nabarmendu du.

50 apaiz eta Haendel, Madina, Bach eta Iparragirreren piezak

Hiletan 50 bat apaizek hartu dute parte, eta elizkizuna Pucciniren Requiem obrarekin hasi da, Bilboko Koralaren eskutik, Azkunak berak hala eskatuta. Aldarearen ondoan San Andresen domina bat eta bere agintaldiko makila jarri dituzte.

Azkunak bere azken agurreko xehetasun guztiak lotuta utzi zituen eta, hark eskatutakoa betez, Haendelen, Madinaren, Bachen eta Iparragirreren piezak ere entzun ahal izan dira, hiletan arintzeko asmoz aukeratutakoak denak.

"Bere hileta xumea izatea nahi zuen eta, beraz, meza xumea izango da", adierazi du Icetak katedralean bildutako kazetarien aurrean. Azkunarekin harreman ona zuela eta hunkituta zegoela ere aitortu du.

Harrera Arriaga Antzokian

Felipe printzea eta Letizia Ortiz 11:15ean iritsi dira Bilbora. Agintari guztiak Arriaga Antzokian elkartu dira, ondoren elkarrekin Santiago katedralera joateko.

Iñigo Urkullu lehendakaria eta Ibon Areso jarduneko alkateak egin diete harrera agintari guztiei Arriaga  Antzokian.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena