12:23

Politika

Azkunaren tokia hartuko du

Ibon Areso izango da Bilboko alkate berria

IKER GOMEZ / EITB.COM

Ibon Areso Bilboko alkateordeak hartuko du Iñaki Azkunaren tokia, 2015eko udaberrian udal hauteskundeak egiten diren arte.

1:30
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Ibon Areso Bilboko alkateordeak hartuko du Iñaki Azkunaren tokia, 2015eko udaberrian udal hauteskundeak egiten diren arte. Jeltzaleek urriaren 7an ekingo diote Bilboko alkatetzarako hautagaia izendatzeko prozesuari.

Iñaki Azkuna atzo arratsaldean hil zen, 2003tik pairatu zuen minbiziak jota.

Ibon Areso jarduneko alkatea izan da, Azkunaren osasun egoera txarra izan denean. Horrez gain, Bilboko zinegotzi beteranoena da, zazpi legealdi eman baititu Udalean.

Bizkai Buru Batzarrak aho batez hartu du erabakia, Itxaso Atutxa presidenteak iragarri duenez. Atutxarekin batera, Andoni Ortuzar EBBko presidentea, BBKko kide guztiak, Koldo Mediavilla, Joseba Aurrekoetxea, Pilar Garcia de Salazar eta Nekane Alonso EBBko ordezkariak edota Izaskun Bilbao EAJko eurodiputatua Sabin Etxean izan dira, hedabideen aurreko agerraldian.

Bilboko Udal Gobernuko kideak ere bertan izan dira, tartean Ibone Bengoetxea edota Andoni Aldekoa.

Jeltzaleek urriaren 7an ekingo diote Bilboko alkatetzarako hautagaia izendatzeko prozesuari. Urtea amaitu aurretik, erabakia jakinaraziko dute.

Andoni Ortuzarrek jasotako mezu guztiak eskertu ditu eta Iñaki Azkunari Bilboren alde egindako lana ere eskertu egin dio.

Azkuna bizirik balego, lanean "berehala" jartzea nahiko lukeela adierazi du Ortuzarrek. Horregatik, atzo arratsaldean bertan elkartu ziren, eta Azkunari berari jakinarazi zioten hartutako erabakia.

Eider Jauregik ordezkatuko du Areso.

Aresok Azkuna ordezkatzea "logikoa eta zentzuduna" da, PPren ustez

Cristina Ruiz Bilboko Udaleko PPren bozeramaileak azaldu duenez, EAJk Ibon Areso Bilboko alkateordea Iñaki Azkuna ordezkatzeko aukeratu izana "logikoa eta zentzuduna" da.

Ruizen hitzetan, Aresoren izendapenak "jarraipen sentsazioa" ematen du Udalean, "alkatea hainbat aldiz ordezkatu duelako, eta erakundearen egunerokotasuneko normaltasuna mantendu duelako".

Alfonso Gil Bilboko Udaleko PSE-EEko bozeramaileak Ibon Areso alkate berriari "eskua" zabaldu dio, Iñaki Azkunaren heriotzaren ostean "hiria eraikitzen jarraitzeko".

Gilek esan du Bilboko sozialistek "hiria eraiki" nahi izan zutela Azkunarekin, "bide horretan jarraitzeko geure gogoa azaltzen dugu", gaineratu du.

Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Udaleko EH Bildu alderdiko bozeramaileak EAJk Ibon Areso Bilboko alkate izendatu izana kritikatu du, Iñaki Azkunaren politiken "jarraipen osoa" irudikatzen duelako, eta koalizio abertzaleak ez duela "batere iritzi bera" nabarmendu du.

EAJk Bilboko alkatetzarako "pertsona euskaldun" bat hautatzeko "aukera galdu" duela deitoratu du, nahiz eta euskal hiztun gehien dituen udalerria izan.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena