08:53

Politika

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Urkullu: 'Presoek min injustuaren aitormena egin behar dute'

IKER GOMEZ / EITB.COM

ETAko presoei esan die "argi" esan behar dutela "zer egin duten" eta hemendik aurrera "zer nahi duten". Horrez gain, ETAren hurrengo urratsa erabat armagabetzea izan beharko lukeela esan du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Iñigo Urkullu lehendakariaren iritziz, bakegintzarena "estatu politika baten eskutik" egin behar den ibilbidea da eta, horrenbestez, "Espainiako Gobernuak ere parte hartzeko borondatea erakutsi beharko luke". "Eta ez badu egiten, utz gaitzala guri", gaineratu du.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, lehendakariak esan du bakegintzarena ez dela "soilik euskal alderdi eta erakundeei" eragiten dien gai bat: "Estatuari ere eragiten dio".

Horregatik, bakea lortzeko bide horretan ezin da beti "beste aldera" begira egon, azpimarratu du, eta "Estatu politika baten eskutik" konpondu beharreko arazoa dela gaineratu du.

Adibide moduan, ETAren desarmeari aurre egiteko Ertzaintzaren parte hartzea eskaini du Urkulluk, baina horrek "berme legal" zehatz bat beharko lukeela azaldu du. "Adostasuna lortu beharko genuke Espainia eta Frantziarekin".

"Nik ez dakit armak non dauden, Hegoaldean edo Iparraldean, Espainiako edo Frantziako Estatuan; beraz, horrek legedi bat behar du eta prozesu horretan zein indar polizialek parte hartzen duten argitu beharko genuke". "Gu prest gaude", gaineratu du.

ETAko presoen eskaerak

Gaixo dauden ETAko presoek eta 70 urte baino gehiago dituztenek, lehenengo aldiz banan-banan, Euskal Herriko kartzeletara ekartzea eskatu dute, eta, kasu batzuetan, kartzelatik ateratzea. Eskaerak astelehen honetan izapidetzen hasi dira, eta datozen asteetan ere hori egiten jarraituko dute.

Eskaera horien harira, Urkulluk esan du ez duela eskaera "testualki" ezagutzen, baina ETAko presoek "zer egin duten eta zer nahi duten" argi esan behar dutela gaineratu du. Hala ere, lehendakariak esan du presoek egindako eskaeran "eragindako min injustuaren aitormena" ere badagoela. "Presoek egin beharreko bidea egin behar dute, eta egindako kaltearen aitormena gakoa da".

Horrez gain, maiatzean Europako hauteskundeak izango direla eta, datorren urtean ere hauteskundeak egingo direla gogoratu du lehendakariak. "Niri ez litzaidake gustatuko presoek eskaera hori helburu elektoral batekin planteatzea", adierazi du. "Gai hau hauteskundeen testuingurutik atera beharreko gaia izan beharko litzatekeela uste dut", esan du Jaurlaritzako buruak.

Desarmea

ETAren desarmearen inguruan, otsailean egindako "urrats txikiaren" ondoren, hurrengo "keinua", Urkulluren ustez, "armagabetze osoa" izan beharko litzatekeela.

ETAren amaiera "ordenatuak" Espainiarekin eta Frantziarekin adostasuna beharko duela adierazi du lehendakariak, eta Jaurlaritzak Bakegintza Plana dagoeneko martxan jarri duela gogoratu du. "18 ekimen ditugu, eta horietatik gehienak abian dira jada".

Plan horretan, Jaurlaritzak adierazi du "ETA dela errudun bakarra" eta "ETAk duela gizartearekiko zorra". "Bera da zordun bakarra", gaineratu du lehendakariak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena