22:38

Politika

Krisia Nafarroan

PSOEk ez du Nafarroan zentsura-mozioa babestuko

Erredakzioa

"PSOEn estatu-ikuspegia eta bere proiektuaren koherentzia nagusitu dira", adierazi du Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Yolanda Barcina Nafarroako presidentearen aurkako zentsura-mozioa ez aurkeztea adostu du gaur PSOEren zuzendaritzak. Era berean, beste alderdi batek aurkeztutako zentsura-mozio bati babesa ematea baztertu dute sozialistek.

PSNko zuzendaritza bildu baino egun bat lehenago eman dute jakitera erabakia iturri sozialistek. PSNk Nafarroako gainerako alderdiekin egindako bilera sorta asteazkenean bukatu da.

Zentsura-mozioaren bidea baztertzea erabaki du PSOEk; izan ere, ekimenak Bilduren botorik gabe ez du aurrera egiteko aukerarik.

Horrela, Nafarroako sozialisten zuzendaritzari, PSNko lurralde batzordeari (ostegun arratsaldean biltzekoa da) eta PSNko parlamentariei emango die PSOEk erabaki horren berri.

PSOEren zuzendaritza batzordeak ezker abertzalearekin politika egiteko aukera hasieratik baztertu zuen. Ezker abertzalearen botoak baliatuz Gobernura heltzea baztertu zuen PSOEk. Roberto Jimenezen PSNk, ostera, ez du erantzun hain biribila eman.

Barcinak kargua utziko ez duela esan zuen atzo goizean berriro, nahiz eta PSNk hori eskatu zentsura-mozioa ez aurkezteko. Barcinaren hitzetan, ez du "Bilduren bidaia orria" beteko eta sozialistei "akordioak bilatzeko" aukera luzatu die, baina PSNk uko egin dio.

Elkarrizketa eskaintzari sinesgarritasuna kendu dio PSNk, eta maiatzaren 25ean hauteskundeak izateko gainerako indar politikoekin lan egiteko borondatea azaldu du.

PSOEk, aldiz, "Bilduren botorik gabe zentsura-mozioa onartzeko aukerarik ez du ikusten".

"Barcina, arduradun bakarra"

Hala ere, "Nafarroak bizi duen blokeo egoeraren arduradun bakarra" Barcina dela uste du PSOEren zuzendaritzak. Horregatik, Nafarroako presidenteak dimisioa aurkeztu behar duela uste dute sozialistek, Europako hauteskundeekin batera Nafarroako Foru Erkidegoko hauteskundeak ere egiteko.

PSOEren ustez, Barcinak "Bilduren eserlekuetan babestuta presidente izaten jarraitu nahi du, baina erkidegoari etorkizuneko proiekturik eskaini gabe".

Azken asteetan PSNk "erantzukizunez" jokatu du egoera politikoari konponbide bat eman nahian, baina Barcina "burugogorrak bere interesak nafarren gainetik jarri ditu".

"Estatuaren ikuspegia nagusitu da"

"PSOEn estatu-ikuspegia eta bere proiektuaren koherentzia nagusitu dira", adierazi du Juan Luis Sanchez de Muniain Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.

PSOEk hartutako erabakia "lasaitasunez eta soseguz" hartu du Nafarroako Gobernuak, Sanchez de Muniainek azaldu duenez. "Begirunez eta arretaz" jokatu behar dutela gaineratu du, zentsura-mozioa ez aurkezteko azken erabakia Nafarroako parlamentari sozialistek dutelako.

Hala eta guztiz ere, aurrerantzean UPNk eta PSNk "adostasuna berreskuratzeko lan egin beharko lukete, nahiz eta zail iruditu", adierazi du bozeramaileak. Horren harian, Nafarroako eredu instituzionala defendatzea "oinarrizkoa" da, "biek horretan sinesten dugulako", esan du.

Erreakzioak

PSOEren zuzendaritza batzordearen erabaki "ikaragarria" deitoratu du Manu Aierdi Geroa Baiko bozeramaileak, erabakia "Nafarroatik kanpo eta nafarrak ez diren interesen izenean hartu dutelako".

Enrique Martin de Marcos Nafarroako Alderdi Popularreko presidentearen hitzetan, sozialisten erabakiak "koherentzia eta zentzutasuna du, ikerketa batzordearen ondorio faltsuetan oinarritutako mozioa aurkezteko saiakerari oztopo egin diolako".

PSOEren agindua ez betetzeko eskatu dio Jose Miguel Nuin Ezkerrako buruzagiak PSNri.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena