Politika
Nafarroako Parlamentua
Erredakzioa
Era berean, PSNk, Bilduk, Geroa Baik, Aralar-NaBaik eta I-Ek hauteskundeak aurreratzea eskatu dute.
Nafarroako Parlamentuko Ikerketa Batzordeak Yolanda Barcina presidentearen eta Lourdes Goicoechea Ogasun kontseilariaren dimisioa eta foru hauteskundeak maiatzaren 25era aurreratzea eskatu du.
Ikerketa Batzordearen ondorioak PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Izquierda-Ezkerra eta Geroa Bai alderdien babesa jaso du; UPNk eta Nafarroako PPk, berriz, kontra bozkatu dute.
Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak egindako salaketa "ia guztiak erabat sinesgarriak" direla ondorioztatu dute oposizioko taldeek. Gainera, bildu duten dokumentazio guztiak Ministerio fiskalaren esku utziko dutela jakinarazi dute.
Testuinguru honetan, Yolanda Barcinak hauteskundeak aurreratu behar dituela iritzi diote, eta hala ez bada, "Parlamentuko taldeak neurriak hartzera behartuta izango gara, herritarrei hitza emateko eta egun bizi dugun krisia amaitzeko", azpimarratu dute.
"Barcinak eta Goicoecheak ez dute Nafarroaren interesen arabera jardun, interes alderdikoien arabera baizik", salatu dute.
"Probetxu politikoan eta alderdikoian"
Batzordea amaitu ostean, Juan Jose Lizarbe sozialista presidenteak komunikabideen aurrean azaldu duenez, "egiaztatutako" hamaika gertaeretan oinarritutako zortzi ondorio atera dituzte. Lizarbek adierazi du ondorioak "irmoak" direla, eta orain "alderdi bakoitzak planteatu daitezkeen ekimen politikoak ebaluatu beharko" dituela gaineratu du.
Zehazki, Goicoecheak "bere karguaz baliatuz, Ogasunaren funtzionamenduan esku-sartzeak eta interferentziak egin zituela" ondorioztatu dute, "babestutako datu fiskalak legez kanpo lortzeko asmoz, Ogasunaren funtzionamendu autonomoan tartean egoteko intentzioarekin, aholkularitza fiskalaren aurreko bezero izan zen enpresa baten faborezko tratua lortzeko intentzioarekin, sinesgarria da lehen bezero izan ziren enpresentzat faborezko tratua izanez ikuskapen plana eskatuta eta Ogasunaren irizpide teknikoa aldatzeko asmoarekin ere Nafarroako Unibertsitateko ikuskapen fiskalean".
Halaber, kontseilariari egindako aurreko salaketen "berri" zuela eta "beste arduraduna" izatea leporatu diote Barcinari. Bien jokaerek "ez dute indarrean dagoen legezkotasuna bete, hamahiru artikulu hautsiz". Biek "ez dute Nafarroako interes orokorren defentsan jardun" eta "interes politikoagatik eta alderdikoiengatik bakarrik egin dute", nabarmendu dute.
Barcinak "jarrera oztopatzailea" eta "manipulatzailea" izan duela azaldu du batzordeak.
Gertaerak
Lizarbek azaldu duenez, "Nafarroako Gobernuak 2012ko azken hiruhilekoan BEZaren itzulera sei hilabete baino gehiago atzeratzeko hartutako erabakiak, defizit helburua betetzeko eta PPren politika alderdikoia asetzeko helburu bakarrarekin, enpresentzako, herritarrentzako eta Nafarroako ekonomiarentzako kalteak eragin zituen".
Erabakia Barcina presidenteak "agindu" zuela esan dute, eta Goicoechea kontseilariak "gauzatu" zuela, "izan zitzakeen ondorio negatiboak ohartarazi arren". Halaber, batzordearen arabera, BEZa itzultzea atzeratzeko erabakia sei hilabeteko epean egiteko legezko betebeharra "ez betetzea" dakarrela gaineratu dute.
Estatuarekin Hitzarmenaren negoziazioa “bidegabe” atzeratu dela “egiaztatu” dela azaldu du batzordeak. Horrez gain, “aldebakarreko erabakia eta 2016ra arteko zorpe mailak adostasunik gabe” egin direla nabarmendu du.
Goicoecheari dagokionez, "esku-sartzeak egin" dituela azaldu dute, "lau aldiz", Nafarroako Ogasunean. "1,5 milioi euro Nafarroako Unibertsitateari eta Almanaque Kontserbei", esan du Lizarbek. Goicoecheak, "kontseilari kargua duela, eta presidenteak horren berri izanda, arrakastarik gabe CANeko kontseilarien eta langileen atxikipenen datuak lortzen saiatu" zela gaineratu du.
Besteak beste, txostenean jasotako gertaeretan "influentzien" erabileraz hitz egiten da, eta, horiek, batzordearen arabera, "Fiskaltzak ebatzi beharko ditu".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa