Politika
Ikerketa batzordea
Erredakzioa
Halaber, Nafarroako presidenteak adierazi du, tonu hunkitu batean, Lourdes Goicoecheari "guzti hau egingo ziotela jakingo banu" ez lukeela izendatuko. Kontseilaria kargutik kenduko ez duela esan du.
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Lourdes Goicoechearen errugabetasuna babestu du astearte honetan, foru Ogasunean "inolaz ere" ez dela influentziez baliatu azalduta. Hala, Barcinak baztertu egin du kontseilaria kargutik kentzea.
Zazpi ordu eta erdiz deklaratu du Barcinak Nafarroako Parlamentuko ikerketa-batzordearen aurrean (23:30ean bukatu da astarteko saioa). Nievesek Goicoecheari leporatutako esku-sartzeengatik abiatu zuten batzorde hori. Bertan, Nafarroako Gobernuko presidenteak adierazi du, tonu hunkitu batean, Lourdes Goicoecheari "guzti hau egingo ziotela jakingo banu" ez lukeela izendatuko.
Barcina hunkitu egin da ikerketa batzordean Pedro Rascon sozialistaren galdera bati erantzutean. Foru Gobernuak bizi duen egoeran "zaldien hanketara" kontseilaria jarri duela uste al duen izan da galdera.
Nafarroako presidenteak esan duenez, "hau egin behar ziotela jakingo banu, ez nuen izendatuko". "Estutasun batean jarri duena zerbait leporatzen diona da, interes politikogatik, ezbaian jartzen du pertsona baten zintzotasuna", nabarmendu du.
"Ezin zaio inori ezer leporatu frogarik gabe, errugabe bati zerbait egotzi helburu politiko bat lortzeagatik, ezin da politikan egin". "Denak ez du balio", azpimarratu du.
Goicoechearen ‘enpresa batzuenganako’ mesede tratua ukatu du Barcinak
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak esan duenez, Lourdes Goicoecheak “ez du mesede traturik eskatu enpresa batentzat ere”, ez Nafarroako Unibertsitatearentzat ezta aurreko aholkularitza fiskalean haren bezeroa izan zen kontserbagilearentzat.
“Egin duena enpresa bategatik interesatzea izan da, orokorrean”, eta, beti “legearekin bat” etorrita, azaldu du Barcinak, ikerketa batzordean.
Kontserbagilearen kasuan, lan istripu baten ostean zuen egoera delikatua kontuan hartzea eskatu zen, presidenteak esan du tratua bera izango litzatekeela beste enpresa batekin ere.
Nafarroako Unibertsitateari dagokionez, Goicoecheak egungo jarduera fiskalarekin bat ez zetorrela adierazi zuen eta horri buruzko “azalpenak” eskatu zituen. Barcinak kontseilariaren aldetik zergadun horri buruzko informazioa jaso zuela adierazi du.
Defizit helburua betetzeko 'instrukzioak'
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du "beti" defizit helburua betetzeko "instrukzioak" eman dituela, "txarrena ez dena aukeratuz".
Barcinak foru Parlamentuan gauzatzen ari den ikerketa batzordean azaldu duenez, "defizit helburua bete beharra zegoen, aurrekontu-egonkortasunaren lege nazionala dagoelako, eta hori bete egin behar da. Legea Rodriguez Zapateroren Espainiako aurreko Gobernuak onartu zuen, herrialdearentzako une oso delikatuan", gaineratu du, "Espainian esku hartu ahal zezaketen, eta hori bai izango litzatekeela larria", nabarmendu du.
Nafarroako Gobernuko presidenteak esan du "beti" defizit helburua betetzeko "instrukzioak" eman dituela. "Erabaki hauek hartzea ez da erraza", azaldu du, "bi eratan soilik jokatu daiteke, presio fiskala handituz edota gastua murriztuz".
Barcinaren hitzetan, 2012an defizit-helburua betetzeko "hainbat aukera proposatu zizkidaten", horietako bat Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari ohiak egin zidan, "BEZaren itzulpena atzeratzea, dagozkion interesak ordainduta". "2011n egin zen", azaldu du, eta "beste neurri guztiak baloratzea eta helburua betetzea" eskatu zen, "txarrena ez zena aukeratuz".
CANeko kontseilarien ordainsariei buruzko datuak ez dituela eskatu adierazi du
Yolanda Barcinak esan du ez zuela Caja Navarrako kontseilarien ordainsariei buruzko daturik eskatu, ikerketa batzordean.
Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiak egindako akusazioetako bat Lourdes Goicoecheak CANeko kontseilarien eta langileen ordainsariei buruzko informazioa eskatu ziola izan zen, "presidentearen interesagatik".
Ez du Goicoechea kargutik kenduko
Bestalde, Barcinak dio ez duela Goicoechea kargutik kentzeko asmorik, ekonomia kontseilariaren jarduna egokia izan zela uste duelako. ''Ez dut hori egiteko daturik'', esan du presidenteak, Txema Mauleonen (Izquierda-Ezkerra) galderari erantzunez.
Barcinak berretsi egin du bere Gobernuko kideak legearekin bat eginda aritu dira.
Txelui Morenorekin bildu ez dela esan du
Nafarroako Gobernuko presidenteak azaldu duenez, ez da Txelui Moreno Sortuko buruzagiarekin bildu Nafarroako Parlementuan ikerketa batzordearen agerraldiak prestatzeko. Barcinak adierazpen hori egin du ikerketa batzordean egindako agerraldian, UPNko eta PSNko bozeramaileen arteko liskar baten ostean.
Barcinaren deklarazioa Fiskaltzara bidaltzea eskatu du PSNk
Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidenteak Parlamentuko ikerketa batzordean emandako "erantzunen testigantza ondorioztatzea" eta Fiskaltzara bidaltzea eskatu du Pedro Rascon PSNko parlamentariak, Lourdes Goicoechea kontseilariaren influentziez baliatzeko ustezko delitua "ikertzeko".
Mezu elektroniko baten filtrazioa
Bestalde, Yolanda Barcinak gaur bertan Parlamentuan aurkeztutako mezu elektroniko bat sare sozialetan filtratu izan ere Fiskaltzaren esku uztea eskatu du PSNK.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa