12:08

Politika

Elkarrizketa

Egibar: 'ETAren benetako ekarpena eragindako mina aitortzea litzateke'

Erredakzioa

Buruzagi jeltzaleak Espainiako Gobernuaren 'arduragabekeria' salatu du, ETAren "biziraupena luzatu" nahiagatik.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Joseba Egibar EAJren Gipuzkoako Buru Batzarreko presidente eta EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramailearen iritziz, ostiralean Egiaztatzaileen Nazioarteko Batzordeak ETAren armagabetzearen inguruan pausoren bat iragarriko du. Hala ere, ETAren benetako ekarpena egindako mina aitortzea, "ez duela ongi jokatu onartzea" eta armak uzteko erabakia "behin betikoa dela" adieraztea litzatekeela nabarmendu du.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketan, egiaztatzaileek ostiralean egingo duten agerraldian zer esango duten ez dakiela adierazi du, baina ETAren armagabetzearen gaineko pauso bat iragarriko dutela uste du.

Egibarren esanetan, ETAren aldebakarreko estrategia "oso mantso doa", eta armak lehenago utzi behar zituen. Prozesua "luzatu" egin da, ordea, Espainiako Gobernuak ETAren erabakia egiaztatu ez duelako, Egibarren arabera.

Buruzagi jeltzalearen esanetan, "ETAk bere jarduera politiko-militarraren gaineko hausnarketa egitea ekarpen garrantzitsua litzateke".

Bestalde, zuloak non dauden esatea armagabetzearen prozesuan beste pauso bat izango litzatekeela esan du Egibarrek.

Buruzagi jeltzaleak Espainiako Gobernuaren "arduragabekeria" salatu du, ETAren "biziraupena luzatu" nahiagatik. Horren esanetan, ETAren balizko amaieraren aurrean "beldur asko zituen eta ditu" Espainiako Gobernuak; izan ere, "ETAk hor jarraitzen badu, Espainiako Gobernuak denbora tarteak kudeatzeko aukera izango du".

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena