20:36

Politika

Bitartekaritza

Egiaztatzaileek ETAren 'desarme keinu bat' iragarriko dute ostiralean

Erredakzioa

Terrorismoaren aurkako borrokako iturriek EFE albiste-agentziari jakitera eman diotenez, Nazioarteko Egiaztapen Batzordea ETArekin harremanetan izan da eta erakundeko zuzendaritzaren konpromisoa du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

ETAren "armagabetze keinu bat" iragarriko dute nazioarteko egiaztatzaileek ostiralean, terrorismoaren aurkako borrokako iturriek EFE albiste-agentziari jakitera eman diotenez.

Ram Manikkalingam zuzendutako Nazioarteko Egiaztapen Batzordeak agerraldia egingo du Euskadin, ETArekin harremanetan izan eta gero. Antza denez, ETAko zuzendaritzaren konpromisoa lortu dute, iturriek azaldu dutenez.

Konponbidean aurrera egiteko "euskal bidea" bultzatzearen aldeko apustua egin zuen ETAk bere azken agirian, Espainiaren eta Frantziaren "egoskorkeria eta inmobilismoa" ikusita. Iturrien arabera, desarmatze keinuarekin ETAk Gobernuari presioa egin nahi dio.

Antza denez, ETA Manikkalingamen taldearekin harremanetan jarri da "armagabetzearen keinuaren" berri Euskadin emateko.

Horrela, ETAk zenbait armategiren kokalekuaren berri eman dezake, Europa Press albiste-agentziak jakitera eman duenez.

Manikkalingamek, besteak beste, Sri Lankako gatazkan aholkularitza lanak egin ditu. Era berean, Fleur Ravensbergen, Pamela Kalkman eta Juan Garrigues Tena Euskadin izango dira ostiralean.

Eusko Jaurlaritzaren baldintza

Gauzatzen baldin bada, pauso horrekin ETAk Eusko Jaurlaritzaren eskakizunari erantzuna emango lioke. Azken agiriaren ostean "desarmatzeko konpromisoa berehala" nahi zuela errepikatu zuen Jaurlaritzak.

Horrela, ETAk Gobernu zentralaren mugimenduak lagundu nahi ditu; izan ere, orain arte pausorik eman ez izana aurpegiratu dio Espainiako Exekutiboari. Indarkeria bertan behera utzi zuenetik bi urte eta erdi igaro dira eta Gobernuak ez du espetxe politikan aldaketarik egin.

Nazioarteko egiaztatzaileen taldea desegiteko zorian izan zen iaz, Osloko (Norvegia) negoziaketek kale egin ostean. Josu Ternera, David Pla eta Iratxe Sorzabal ETAko kideekin harremanetan egon zen.

Bestalde, "antzerkiaren garaia" pasa dela esan du gaur Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak. Ministroaren esanetan, Gobernuak "errealitateak" espero ditu bakarrik.

"Gobernuak agiri bakarra espero du, desegitearena, alegia. Antzerki keinuei ez diegu publizitaterik emango", erantsi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena