19:47

Politika

Nafarroako Ogasuna

Ekonomia kontseilariari zergadunei mesede egitea leporatu dio Nievesek

Erredakzioa

Ogasun zuzendari ohiaren agerraldiaren ostean, oposizioaren gehiengoak Parlamentuan ikerketa batzorde berezi bat sortzearen alde egin du azaldutakoaren "larritasuna" dela eta.

1:02
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Idoia Nieves Nafarroako Ogasun zuzendari ohiak dimititzeko bere arrazoiak azaltzean, Nafarroako zergadun batzuen informazio fiskala eskatuta, besteak beste, "muturra sartzea" eta etengabeko "esku-sartzeak" leporatu dizkio Lourdes Goicoechea Nafarroako Gobernuko lehen presidenteorde eta Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu kontseilariari.

Nievesen agerraldiaren ostean, oposizioaren gehiengoak Parlamentuan ikerketa batzorde berezi bat sortzearen alde egin du azaldutakoaren "larritasuna" dela eta. Alderdi batzuek, Bilduk, Aralar-NaBaik eta Izquierda-Ezkerrak, besteak beste, Lourdes Goicoechea kontseilariaren eta Yolanda Barcina presidentearen dimisioa eskatu dute.

Nievesek Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu batzordearen aurrean egin du agerraldia dimisioaren arrazoiak azaltzeko. Dimisio horren ostean, Manuel Arana haren bigarrenarena iritsi zen, PSN, Bildu, Aralar-NaBai, PPN eta I-E alderdiek eta Manu Ayerdi parlamentariak eskatuta.

Kontseilariak hartutako neurriekin bat ez etortzea, helburu argirik ez izatea eta kontseilariarekin "mesfidantza" izatea dira, Idoia Nievesen esanetan, dimisioa emateko arrazoiak, eta kontseilariari ez zegozkion "esku-sartze" saiakerak leporatu dizkio.

Kontseilariaren jokaerari dagokionez, Ogasun zuzendari ohiak hainbat pasarte kontatu ditu, besteak beste, zerga-datuetan edo informazioan sartzeko saiakerak, dagoeneko aurreikusita zegoen jarduera bat galarazteko helburua edota zergadun baten eduki bat aldatzeko nahia.

Nievesek adierazi duenez, kontseilariak beste zergadun baten sozietateen zerga berraztertzeko proposamena aldatzeko estutu egin zuen, eta Lourdes Goicoecheak bezero batzuk horien "aholkulari fiskala izaten" jarraituko balu bezala jasotzeko kezka zuela gaineratu du.

Desadostasuna BEZaren itzulketa itzultzearekin

Defizit helburua betetzeko enpresei BEZaren itzulketa 2012ko jardueratik 2013kora atzeratzeko erabakiarekin ere ez zetorren bat Nieves; izan ere, horren arabera, itzulketa egiteko legezko epeak ez betetzeaz gain, erabaki horrek "zergadunei kalte larriak" eragingo lizkieke eta jarduera ekonomikoari eragingo lioke, enpresen likidazioa "are eta gehiago" lesionatuz. Erabaki horiek 2013an 100 milioi euro inguruko ondorioak izan zituzten.

Horrez gain, kontseilariak Ogasuneko profesionalen inguruko mesfidantza "ageria" zuela nabarmendu du, baita arlo fiskalean helburu falta ere. Goicoecheak erreforma fiskalari buruz emandako oharrak "gutxi eta zehaztugabeak" zirela gaineratu du.

Hitzarmen ekonomikoaren negoziazioari dagokionez, kontseilariak UPNko alderdikide ez izatea aurpegiratu ziola adierazi du. "Gaitzespena lekuz kanpo zegoela iruditu zitzaidan", azpimarratu du.

Goicoecheak ez du dimisiorik emango

Idoia Nieves Ogasun zuzendari ohiaren salaketa "guztiz faltsua" dela esan du Lourdes Goicoechea Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariak, eta akzio legalak aztertuko dituela iragarri du. "Ez dut dimisioa aurkeztuko, jarraituko egingo dut", adierazi du.

"Erabat ukatzen dut nire kargua mesede pertsonalerako edo profesionalerako baliatu izana; inoiz ez diot etekinik atera nire karguari. Are gehiago: nire kargua sakrifizio pertsonal, familiar eta profesional handiak eginez egiten dut", nabarmendu du.

Oposizioaren kritikak

Bozeramaileen txandan, Juan Jose Lizarbe sozialistak ikerketa batzorde berezia sortzea eskatuko duela iragarri du. Bestalde, Maiorga Ramirez Bilduko bozeramailearen esanetan, Barcinak eta Goicoecheak "etxera joan behar dute berehala".

Aralar-NaBai alderdiko Juan Carlos Longasek azaldu duenez, ez luke presidenteordeak bakarrik "oraintxe bertan" dimititu behar, baita presidenteak ere. Ana Beltran (PPN) parlamentariaren ustez, gertaera "oso larriak" dira, eta Nievesek deskribatutakoa "portaera mafiosoa" dela esan du Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak. Manu Ayerdi parlamentariak entzundakoarekin "nahasita" agertu da, eta Carlos Garcia Adanero erregionalistak entzundakoa zalantzan jarri du, eta honako hau adierazi: "Akusatutako pertsona auzitegietan defendatuko dela imajinatzen dut".

PSNk ez du zentsura mozioa baztertzen

Juan Jose Lizarbe PSNk Nafarroako Parlamentuan duen alboko bozeramailearen hitzetan, "inoiz gertatu den larriena" izan da gaurkoa, eta horren ardura Yolanda Barcina presidenteari egotzi dio.

Radio Euskadiko "Ganbara" saioan egin duen elkarrizketan, Lizarbek esan du UPN eta Barcina ez daudela egoerak eskatzen duen mailan, eta "beharbada" zentsura mozioaren aukera "aztertu" beharrekoa dela. "Garrantzitsuena da gauzak horrela ez geratzea", azaldu du.

Ildo horretan, sozialistak azpimarratu du ikerketa batzordea sortzeko ekimena aurkeztu dutela eta, edonola ere, gertatutakoa argitu arte dimisioa ematea egokiena dela.

 

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena