11:41

Politika

Autogobernua

Lantaldean erabakitzeko eskubidea jasotzea eskatu du EH Bilduk

Erredakzioa

Eztabaida "lehenbailehen" hastearen eta ahalik eta adostasun zabalena lortzearen alde agertu da koalizio abertzalea.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

EH Bilduk zuzenketa gehigarria aurkeztu dio EAJk autogobernua "gaurkotzeko" sortu nahi duen lantaldeari, bertan EAEko "estatus politiko berriaz" eztabaida sustatu dadin eta erabakitzeko eskubidea jaso dezan.

Hasier Arraiz eta Pello Urizar EH Bilduren legebiltzarkideek Eusko Legebiltzarrean emandako prentsaurreko batean azaldu dutenez, helburua "ahalik eta adostasun zabalena" lortzea da; horregatik, koalizioa gainerako alderdiekin elkarrizketak abiatzeko prest dagoela azpimarratu dute.

Halaber, lantalde horren helburua bikoitza dela adierazi dute: alde batetik, "Euskal Herriaren errekonozimendu nazionala" eta, bestetik, "herritarrei ematea boterea: erabakitzeko eskubidea".

"Eztabaidatzea eta adostasunera iristea da gure helburua, hitza eta erabakia lehenbailehen euskal herritarrei emateko, haiei baitagokie", adierazi dute, eta errefusatu egin dituzte lantaldearen lan egiteko moduaren inguruko polemikak. Izan ere, PSE-EEk batzordea izatea eskatu du, eztabaida ateak irekita izan dadin, ez ateak itxita, lantaldeetan bezala. "Ez gara eztabaida oztopatzeko aitzakien konplize izango. Ahalik eta akordio zabalenak nahi ditugu, herritarrek euren etorkizunaz erabaki ahal izan dezaten", gaineratu dute.

Horien esanetan, EH Bilduren abiapuntua "Euskal Herria nazioa" dela aitortzea da, eta, horregatik, "estatus berria dagokiola". "Nafarroak, Ipar Euskal Herriak eta EAEk estatus berria behar dute"; nabarmendu dute. Hala ere, Eusko Legebiltzarreko proposamenak EAEri bakarrik eragiten diola nabarmendu dute, eta "erakunde honi dagokiona baino dimentsio handiagoa" ez diotela eman nahi salatu.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena