Politika
Protestak
Erredakzioa
Elkarretaratzeak egin dituzte Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Elorrion. Bellonen lagun eta senitartekoek manifestazioa deitu dute biharko, Elorrion, 17:30ean.
Albisteak (3)
Ehunka lagun batu dira gaur eguerdian, Elorrion, Arkaitz Bellonen sorterrian. "Espetxe politika honi ez. Sakabanaketa politika amaitu" lelopean, asteon Cadizeko Puerto I espetxean hilda agertu den euskal presoaren heriotza salatu dute.
Arkaitzen argazki handi bat jarri dute Elorrioko udaletxe parean, xingola beltzarekin. Bertan, haren senide eta lagunek manifestazioa deitu dute biharko, Elorrion bertan, arratsaldeko 17:30ean. Gaur eguerdian, herri horretako dendak, tabernak eta enpresak itxita egon dira, Bellonen heriotza salatzeko. Elorrioko udalbatzak, berriz, presoaren senitartekoei babesa adierazten dion mozioa onartu du, EH Bilduren eta EAJren botoekin.
Ordu berean eta lelo berdina hartuta, Donostiako, Bilboko eta Gasteizko Udalen atarietan bilkurak egin dituzte, Estatu Espainiarraren kartzela politika salatzeko.
Nagore Lopez de Luzuriaga Etxerateko eledunak, ETB Hoy saioan egin dituen adierazpenetan, baieztatu duenez, familiaren konfiantzazko bi mediku forentsek bigarren autopsia egin diote goizean Bellonen gorpuari, Cadizeko Institutu Anatomiko Forentsean. "Autopsien emaitzetatik haratago, dena dela, kasu honetan salatu behar dena Arkaitzek azken urteotan bizi izan duen egoera larria da. Etxetik 1.000 kilometrora hil da, ziega batean, bakartuta", salatu du.
Ministroaren agerraldia
Amaiur koalizio abertzaleak, gaur Kongresuan, Mariano Rajoyren Gobernuari egotzi dio Arkaitz Bellonen heriotza. Espainiako Gobernuaren kartzela politika "mendekuan oinarrituta" dagoela eta "guztiz krudela" dela salatu du Amaiurrek.
36 urteko elorriotarra 13 urteko kartzela zigorra betetzen ari zen, kale borroka delitua egotzita. Maiatzen zen espetxetik ateratzekoa, zigorra osorik beteta. Asteazkenean, bere ziegan, Cadizeko Puerto I espetxean, hilda agertu zen. Bakartuta zegoen.
"Gertakari larri hau" argitzeko, Amaiurrek Jorge Fernandez Diaz Barne Ministroaren eta Angel Yuste Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiaren agerraldiak eskatu ditu Kongresuan, Belloren heriotzaren inguruko argibideak eman ditzaten.
Jon Iñarritu eta Onintza Enbeita Amaiurreko diputatuek, prentsaurrean salatu dutenez, Bellon "bakartuta zegoen, etxetik 1.000 kilometrora eta ez du espetxe onura bakar bat ere izan. Zigorraren hiru laurdenak beteta, duela hiru urtetik aske egon behar zuen".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa