11:58

Politika

Noos auzia

Cristina infantaren inputazioaren gakoak

David Perez | eitb.com

Juan Carlos I.a erregearen alabari iruzur fiskala eta dirua zuritzea egotzi dio Jose Castro instrukzio-epaileak.

  • Cristina infanta. EFE

    Cristina infanta. EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Hastapenak. Noos auzia 2010. urtean zabaldu zuen Jose Castro instrukzioko epaileak, Palma Arena auziko atal bereizi bat bezala. Epailea Balearretako Gobernua ikertzen ari zen, belodromo baten eraikuntzan atzemandako irregulartasunak zirela eta. Zeregin horretan zegoela, Jaume Matas (PP) presidentearen Exekutiboak eta Noos Institutuak sinatu zituzten hainbat kontratu aztertu zituen, eta irregulartasunak sumatu zituen.

Aizoon konpainia. Cristina infantaren inputazioa lurrikara izan da, eta epizentroan Aizoon higiezinen agentzia dago. Juan Carlos I.aren alaba eta Iñaki Urdangarin senarra enpresa horren jabe ziren, erdi bana. Konpainiak, baina, ez zuen inoiz etxebizitza bakar bat ere saldu, eta ez zuen ez langilerik, ez bulegorik (egoitza Pedralbesko Jauregia zen, hau da, Palmako duke-dukesen etxea).

Bi aldiz inputatuta. Torres epaileak 2013. urteko apirilaren 3an inputatu zuen infanta lehen aldiz, senarrak ustez egindako delituetan "halabeharrezko kolaborazioa" izan zuela argudiatuta.

Handik hilabetera, Palmako Auzitegiak baliogabetu egin zuen inputazioa, baina ikertzeko beste bide bat proposatu zion epaileari, delitu fiskalena. Hori horrela, 9 hilabeteko ikerketa sakon baten ostean, Castrok berriz ere inputatu zuen, 2014. urteko urtarrilaren 7an, iruzur fiskalak eta dirua zuritzea egotzita.

Ustelkeriaren aurkako Fiskaltza, infantaren defentsa onena. Noos auziko instrukzioaren lehenengo hiru urteetan, Pedro Horrach Ustelkeriaren aurkako fiskalak eta Jose Castro epaileak lankidetza oparoa izan zuten, Noos Institutuaren trapu zikinak argitara emateko. Infantaren inputazioak, baina, hautsi egin du euren arteko lankidetza, eta aurrez aurre jarri ditu. Izan ere, epaileak Palmako dukesa lehen aldiz inputatu zuenean, Ministerio Publikoak helegitea aurkeztu zuen. Bigarren inputazioa etorri zenean, berdin egiteko asmoa agertu zuen, baina azkenean ez zuen egin, defentsak berak errefusatu egin zuelako.

Horrachen eta Castroren arteko harremana tentsio handikoa izan da harrezkero. Horren ildotik, infanta inputatu ahal izateko "zuzenbide itun bat" egin behar izan duela salatu zuen epaileak, 227 orriko auto batean. Gainera, fiskalaren eta defentsaren argudioen artean "sinbiosia" dagoela erantsi zuen.

Horrach ez zen isilik geratu, eta erregearen alaba inputatzeko asmoz "konspirazioaren teoria bat" asmatu izana egotzi zion.

Errege Etxearen jarrera. Noos auziak kolokan jarri du Espainiako Monarkia, erakunde hori orain arte ukiezina izan bada ere. Bere irudia garbitzeko xedez, Errege Etxeak Palmako duke-dukesak aldendu egin ditu, Urdangarin bere webgunetik kendu du, eta infantaren senarra atzerrira bidali du.

Zarzuelarentzat, Noos auzia "martirioa" da, Rafael Spottorno Errege Etxeko buruak aitortu zuenez. Infanta bigarren aldiz inputatu zutenean, erakundeak "errespetua" agertu zuen epailearen erabakiaren aurrean. Dena dela, lehen inputazioan erreakzioa bestelakoa izan zen, "harrituta" agertu baitzen, eta babes "osoa" eman ziolako fiskalaren helegiteari.

Infanta inputatzeko argudioak

Jose Castro instrukzio epaileak infanta inputatzeko erabilitako argudioak:

- "Argi dago Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak ez duela inoiz Aizoon enpresaren bidez lortutako dibidendurik deklaratu".

- "Ezin da onartu Aizoon konpainiak dibidenduen banaketa iluna egitea; senar-emazteek [Palmako duke-dukesak] gastu pertsonalak egin ahal izateko egin zuen".

- "Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak Aizoon enpresari kobratu zizkion gastu pertsonalak iruzur bikoitza izan ziren".

- "Diru kopuru horiek gastu pertsonal hutsak ordaintzeko erabili zituzten, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) deklaratu behar zituzten, higiezinen errendimendu gisa, baina argi dago Iñaki Urdangarinek eta Cristina Borboikoak ez zutela inoiz egin. Horrenbestez, behin eta berriro egin zioten iruzur Ogasun Publikoari".

- "Ez da onargarria modu irregularrean aberastu denak irregulartasun horien berri ez duela pentsatzea eta horri buruz galdetu nahi ez izatea".

- "Epaitegi honek ez du uste zuzenbide-estatuaren oinarriak kolokan jarri dituenik; guztiz kontrakoa, [Cristina infantak] Aizoon enpresaren jabetzaren erdia zuelako, konpainiaren egoitza soziala bere etxebizitza zelako eta diru irregularrarekin aberastu zelako".

- "Iñaki Urdangarin Liebaerti egozten zaizkion delitu fiskalak nekez gauzatu ahalko ziren emazteak jakin gabe, besteen aurrean infantak ezikusiarena egin badu ere".

- "Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak ezinbesteko zeregina izan du Aizoon konpainian delitu fiskalak egiteko, [...] eta, horrenbestez, ez da zaila ulertzea Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoari horri buruz azalpenak ematea eskatzea".

- "Cristina Borboikoa eta Greziakoak esku hartu du, bere burua aberastuz eta senarrak ere egitea ahalbidetuz, Aizoon enpresaren erdiaren jabe zela baliatuta, eta hori Noos Institutuaren bidez egin zuen, Valentziako eta Balearretako erkidegoen aldetik jasotako diru publikoa bereganatuta".

- "Lekuko zuzenen arabera, Cristina Borboikoa eta Greziakoak etxeko langileak kontratatzen ere esku hartu zuen, eta proba epea gainditzekotan, soldatak diru beltzean emango zizkiela esan zien".

- "Sinbiosia dago, argudioei dagokienez, infantaren defentsak eta Ministerio Fiskalak erabilitako alegazioen artean".

- "Ukaezina da Cristina Borboikoa eta Greziakoak errugabetasun presuntzioa duela, baina hori ez da ad hoc sortutako pribilegio bat, auzi guztietan inputatutako guztiek dute eskubide hori".

Diego Torresen mezu elektronikoak

Iñaki Urdangarinen bazkide ohiak, Diego Torresek, Cristina infantaren senarrak emazteari bidalitako hainbat mezu elektroniko eman zizkion Castro epaileari.

Mezu horietan, Juan Carlos I.a erregearen alabak Noos Institutuaren egunerokoaren berri zuela ondorioztatu daiteke.

Hauek dira Torresek epaileari emandako mezuetako batzuk:

- 2003. urteko otsailaren 20an: Urdangarinek "Noos institutuaren agiri bat" igorri zion infantari. Norbaiti igorri behar zion, eta emaztearen iritzia entzun nahi zuen: "Bi bertsio daude. Bezeroak, 'colab' eta lagunak, eta bestea Octagonentzat (ez dut polemika sortu nahi). Irakurri eta esadazu zer pentsatzen duzun please... Ciao". Mezu horretan bertan, dukeak zera esan zion emazteari: "Askotan, ez dakit zer pentsatzen duzun eta, ondorioz, galduta nago, baina ez zaitut horrela utzi nahi".

- 2003. urteko ekainaren 17an: Urdangarinek Nissanen mezu bat bidali zion Cristina infantari, 'World Series by Nissan' lasterketa esleitzeko lehiaketari buruzkoa. Aurrekontu guztiak irakurri eta gero, eskaintza onena Noos Institutuak aurkeztutakoa zela esan zuen konpainiak mezu horretan.

- 2004. urteko apirilaren 5ean: "Lehengo egunean, mintegian eta horri buruzko laburpen bati buruz lanean izan ginen. Interesgarria deritzot".

- 2004. urteko otsailaren 26an: Urdangarinek mezu bat igorri zion Carlos Garcia Revenga infanten idazkariari (inputatuta dago), eta Cristinari "nire izenean" kopia bat bidaltzeko eskatu zion.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena