Politika
Prentsaurrekoa
Erredakzioa
"Makroepaiketa politiko" baten biktimak direla esan dute eta ziurtatu dute Euskal Herriko bizitza politikako eta sozialeko hainbat pertsona famaturen babesa dutela.
Prentsaurrekoaren irudia. Argazkia: EFE.
Segiko kideak izatea leporatuta Auzitegi Nazionalean egiten ari diren epaiketan inputaturik dauden zenbait lagunek esan dute, larunbat honetan, "epaiketa politikoetarako irtenbiderako zubiak egiteko garaia" dela, eta aipatutako "zubi" hori "guztion artean" egin beharko litzatekeela, "ahalik eta indartsuena eta zabalena izateko".
Halaber, inputatuek salatu dute "makroepaiketa politiko" baten biktimak direla, eta ziurtatu dute Euskal Herriko bizitza politikako eta sozialeko hainbat pertsona famaturen babesa dutela. Besteak beste, Jesus Eguiguren PSE-Eeren presidentea, Toti Martinez de Lezea idazlea eta Jose Luis Korta eta Alex Txikon kirolariak aipatu dituzte, izen horien artean.
Pertsona ospetsu horiek, Jon Zirizak eta Zuriñe Gojenolak prentsaurrekoan azaldu dutenez (epaiketa honetan inputatuta dauden 40 lagunetako bi dira), azken alegatua babesten dute. Ez dute zehaztu zein den alegatu horren edukia, urtarrilaren 31n jakinaraziko dute; izan ere, egun horretan amaituko da epaiketa. Azken asteetan zehar, adierazi dutenez, Euskal Herriko bizitza politikoaren eta sozialaren zenbait lagunekin bildu dira eta baieztatu dute "zabala" dela hautemate hori, irtenbideak lortzeko epaiketa politikoak gainditu behar direlako hautematea. "Hori dela eta –esan dute-, azken hitza edo alegatoa, inputatuek izaten dutena, herriaren esku utzi nahi dugu; izan ere, esan beharrekoa Auzitegi Nazionaleko lau hormen barnean esatea baino garrantzitsuagoa da".
Urriaren 14an abiatu zen epaiketa
Epaiketa urriaren 14an hasi zen Auzitegi Nazionalean. 40 inputatuetako lau ez ziren azaldu egun hartan eta hilabete honetan zehar atxilotu dituzte EAEn; azkena, Idoia Iragorri, larunbat honetako goizean, Sestaon.
40 prozesatutako bederatzirentzat kartzelako 9 urteko zigorra eskatzen dituzte, Segiko agintariak direlakoan; erakunde terroristan integratuta egotea leporatzen diete, buruzagi mailarekin. Gainerakoentzat, kartzelako 7 urte eskatzen dituzte, delitu horregatik beragatik, baina agintaritzat jo gabe.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa