Politika
19 urte ETAk hil zuenetik
Erredakzioa
Bi ekitaldi ezberdin egingo dituzte gaur Donostiako PPko zinegotzia izan zena gogoratzeko. Familiak alderdi popularrak egingo duen omenaldia kritikatu du, eurekin ez baita harremanetan jarri.
Consuelo Ordoñez ETAk hildako Gregorio Ordoñez PPko zinegotzi ohiaren arrebak Alderdi Popularreko biktimen aldeko omenaldi ekitaldian, haren familiaren hitzari "betoa jartzea" salatu du. Halaber, Espainiako Gobernuak egin duen terrorismoaren kudeaketa gaitzetsi du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, PPk terrorismoaren biktimei Donostian egingo dien omenaldiaren kudeaketak "mindu" egin duela aitortu du . Horren esanetan, betoa jarri diote familiari.
"Ezin dut jasan Biktimen Elkarteko presidenteak hitz egitea eta omendua izango denaren familiari betoa jartzea", gaineratu du.
Hitz egiteko aukera izan balu, Gregorio Ordoñezen hitzak erabiltzea pentsatzen zuela adierazi du. Haren anaiaren argudioak baliatuta, Espainiako Gobernuaren kudeaketa kritikatzeko asmoa zuela gaineratu du.
"Nire anaiak hiltzeak ez zuela ezertarako balio uste bazuen ere, hiltzeak askorako balio izan du Gobernuaren kudeaketari esker", azaldu du.
ETArekin loturikoa oso gaizki kudeatu dela salatu du Ordoñezen alargunak
Ana Iribar Gregorio Ordoñez zenaren alargunak salatu duenez, politikariek zein herritarrek "ETArekin loturiko guztia oso gaizki kudeatu dute", eta "gizartea bideratzeko" gai diren liderrak falta direla gaineratu du.
'Parot doktrina' baliogabetu ondoren kartzelatik irten diren presoez galdetuta, ETArekin loturiko guztia hasiera-hasieratik oso gaizki kudeatu dela adierazi du COPE irrati kateari eskainitako elkarrizketan.
"Ez dugu jakingo ETArekin amaitzen bukatu beharko genukeen bezala, urte askotan falta izan zaigun duintasunarekin, alegia", nabarmendu du.
Horren iritziz, gaur egun, "gizartea bideratzeko liderrak falta dira" eta horregatik gertatzen ari denak ez duela harritzen adierazi du: "Gure buruzagiak ez dira egoerak agintzen duen moduan jokatzen ari".
Gregorio Ordoñozi omenaldia
Bi ekitaldi deitu dituzte ostegun honetarako Gregorio Ordoñez Donostiako PPko zinegotzia izan zena gogoratzeko, ETAk hil zuenetik 19 urte bete direnean.
Arratsaldeko 18:00ean eta PPk deituta, ekitaldia izango da Donostiako Kursaalen, ETAk hil dituen PPko ordezkari guztien omenez. Ordoñezen familia oso kritiko azaldu da ekitaldi horrekin, alderdi popularra ez baita familiarekin harremanetan jarri.
Adierazi dutenez, PPk ez du Ordoñezen seniderik gonbidatu ekitaldian hitz egitera, eta horrek haserrea eragin du familiaren baitan. Euskadiko PPk garrantzia kendu die aipatu kritikei.
Ordubete lehenago, 17:00etan, Ordoñez Fundazioak deituta, urtero egiten duten moduan, lore eskaintza egingo diote Gregorio Ordoñezi Polloeko hilerrian. Bertara joango da zinegotzia izan zenaren familia.
Familia oso kritiko agertu da azken hilabeteetan Espainiako Gobernuarekin, ETArekiko jarrera “malgua” izatea egotzita.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa