12:30

Politika

Gobernu Bilera

Eusko Jaurlaritza: 'Akordio zabalak lortzeko garaia da'

Erredakzioa

Erkorekak esan duenez, Jaurlaritzak lanean jarraituko du "sentsibilitate politiko ezberdinak" bakearen eta bizikidetzaren norabidean batzeko.

1:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, "akordio zabalak lortzeko garaia da", horren harian, Jaurlaritzak "sentsibilitate politiko ezberdinak" bakearen eta bizikidetzaren norabidean batzeko helburuarekin lanean jarraituko duela gaineratu du.

Gobernu bileraren ondorengo agerraldian, larunbateko manifestazioa izan du hizpide. 'Giza eskubideak. Konponbidea. Bakea' lelopean, EAJk eta EH Bildu koalizioko alderdiek deitu zuten manifestazioa.

Iñigo Urkullu lehendakariak ere bakea eta bizikidetza "elkarrekin eraikitzeko" Euskadiko "sentsibilitate politiko" ezberdinak batzea proposatu zuen atzo.

Erkorekaren ustez, oso garrantzitsua da pausoak ematen jarraitzea eta, horrenbestez, ETAren desarmea eta espetxe politikaren aldaketa "berehala" gertatu behar dela gaineratu du.

Horren harian, Espainiako Gobernuari “bakerako Estatu politika” eta “aro berriari” dagokion espetxe politika bat martxan jartzea eskatu dio. Bestalde, ETAri berehala “desarmatzeko” eskatu dio Jaurlaritzako bozeramaileak.

Erkorekak azaldu duenez, Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Mariano Rajoy Espainiako presidentearen arteko bilera egiteko data oraindik ez dute oraindik zehaztu.

Larunbateko manifestazioaren inguruan, Erkoreka pozik agertu da “jendetza” joan zelako eta horrek erakusten duelako “euskal gizartearen gehiengoak ez duela bakea eta bizikidetza lortzeko aukera hau zapuztea onartuko”.

Iragan astean, polizia operazio eta erabaki judizialek eragin zuten “salbuespenezko” egoera salatu du Erkorekak eta larunbatean manifestazioa egin ahal izatea “positibotzat” jo du.

Milaka herritar debekuen aurka kalera atera zirela azpimarratu du, eta presoen aldeko manifestazioa azken 20 urteetan “normaltasunez” egin dela gogoratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena