10:00

Politika

Elkarrizketa Radio Euskadin

Larunbateko oihuak 'anekdotikoak' izan zirela adierazi du Sortuk

David Perez | eitb.com

Pernando Barrenaren esanetan, EAJ deseroso sentitu bada, "ezker abertzalearen gogoz kontra izan da, eta, beraz, gu ere deseroso sentitzen gara".

1:18
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Pernando Barrena Sortuko bozeramaileak adierazi duenez, larunbateko manifestazio isilean presoen eta amnistiaren alde entzun ziren oihuak "anekdotikoak" baino ez ziren izan. Gainera, "haserre" agertu da, martxa deitzeagatik hainbat sektoretatik EAJri egin dizkioten kritiken aurrean.

Ezker abertzaleko buruzagiaren esanetan, "egia da espaloietatik hainbat aldarri oihukatu zituztela, baina anekdotikoa da 100.000 pertsona baino gehiago izan dituen manifestazio batean". Horregatik, "hori (oihuena) ez da titularra, gehiengo soziala kalera atera zela baizik".

Barrenaren ustez, "argi dago hedabide espainiarren artean (oihuekin) asko tematu direla, EAJri egurra emateko, eta ezker abertzalea haserre dago horren aurrean; izan ere, bazkideari eraso egiten badiote, guri ere erasotzen digute".

"Boulevard" Radio Euskadiko saioan egindako elkarrizketa batean, Barrenak hizpide hartu du EAJrekin oihuen harira piztutako polemika; izan ere, manifestazioa isila izatea adostu zuten, eta buruzagi jeltzaleak deseroso agertu ziren amnistiaren aldeko oihuen aurrean.

Hori horrela, ezker abertzaleak hartutako konpromisoak "bete" egin zituela esan du, baina norbait "deseroso" sentitu bazen, Sortu ere "deseroso" sentitzen dela nabarmendu du, hori ez zelako ezker abertzalearen "asmoa".

Nolanahi ere, oihuon aldarriak "euskal presoak Euskal Herrira" izan zirela gogorarazi du Barrenak, "eta ez dut uste hori inorentzat erasokorra izan daitekeenik".

"Judo politikoa"

Barrenaren hitzetan, larunbateko martxa "judo politiko" ariketa bat izan zen, eta, horrekin, euskal gizarteak Espainiako Gobernuari eta PPri "bake-prozesua urratzea" galaraziko diela ohartarazi die.

"Aro politiko berriak aurrera egiten jarraituko du, Barne ministroaren, PPren eta indarkeriarik gabe ahulagoak direla jakinda bakea ez errotzea nahi dutenen gogoz kontra ere", azpimarratu du.

Ezker abertzaleko bozeramaileak berretsi egin du Bilboko martxak "aro berria" zabaltzea espero duela, eta bake-prozesuaren alde "dena" emateko deia egin die herritarrei.

Arantza Zulueta, "bakearen aldeko aktiboa"

Bestalde, Arantza Zulueta abokatua "bakearen aldeko aktiboa" dela aldarrikatu du. "Erakutsi egin zuen Durangoko agerraldian, ezker abertzaleko militante gisa, eta euskal preso politikoen defentsaren esparruan egindako lanarekin; erreferentea izan da beti gurea den sektore horretan", gaineratu du.

Hainbat hedabidek Zulueta presoek legaltasuna onartzeko oztopo izan dela esan badute ere, informazio horiek "polizia operazioaren parte" direla esan du Barrenak.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena