Politika
Manifestazio isila, Bilbon
Eragile guztiek Euskal Herriko gizarteak eskatzen dituen pausoak emango dituztenaren esperantza adierazi du Joseba Egibar jeltzaleak.
Albisteak (2)
EAJ, Sortu, EA, Aralar, Alternatiba eta Geroa Bai alderdi politikoek eta ELA eta LAB sindikatuek "Giza Eskubideak. Konponbidea. Bakea" lelopean gaurko antolatu duten manifestazioaren harira, hainbat buruzagi politikok hitz egin dute.
Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak manifestazioa hasi aurretik adierazi duenez, EAJren helburua behin betiko bakea eta elkarbizitza lortzeko lan egitea da.
Gaurko manifestazioa giza eskubideen alde egiteko, bakea eraikitzeko eta akordioak lortzeko antolatu dutela adierazi du Egibarrek. Horren esanetan, manifestazioaren goiburuak jasotzen duen erronka horretan gizartearen zati handi batek parte hartzen du.
"Hasitako bidea eta garai berria giza eskubideen errespetutik eraikitzea eta alderdi politikoen arteko harremanen oinarri akordioak izatea nahi dugu", gaineratu du. Bestalde, eragile guztiek Euskal Herriko gizarteak eskatzen dituen pausoak emango dituztenaren esperantza adierazi du Joseba Egibar jeltzaleak.
Bilboko manifestazio isila amaiera baino, zerbaiten hasiera izatea nahiko lukeela adierazi du Hasier Arraiz Sortuko presidenteak, "hainbat pertsonengan piztu dugun esperantza horri erantzun ahal izateko". Horren hitzetan, "Bakea eta konponbide prozesua hemendik, euskal herritarren artean, eraikitzen jarraitu behar dugu".
"Salbuespenezko egoera bat gertatu da eta herri gisa ezohiko erantzun bat ematen jakin izan dugu", gaineratu du. Halaber pozik agertu da "herrialde honetako arduradun politiko eta sindikal nagusiak egoerak eskatzen zuen mailan egon garelako eta herritarren eskariari erantzun diegulako".
Arraizen esanetan, argi gelditu da estatu espainiarrak ez duela bake, demokrazia eta askatasun eszenatoki bat Euskal Herriarentzat. Herriari dagozkion eskubide indibidualak eta kolektiboak sistematikoki urratzen dituela gaineratu du.
Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak ohartarazi duenez, PPren inboluzio politika geldiarazteko modu bakarra gizarte mobilizazioa da, eta "gisa horretako alderdiak albo batera" utzi behar direla nabarmendu du. Bestalde, pozik agertu da "egoera oso zail bati alternatiba sortzea" lortu delako eta Bilboko kaleak jendez bete direlako.
Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusiak "prozesuan aurrera egiteko eta bide onera eramateko" Euskal Herriko alderdi politiko nagusiek eta ELA eta LAB sindikatuek lorturiko akordioa nabarmendu du. "Hau da jarraitu beharreko bidea", eta gizarteak presoen auzia konpontzeko borondatea duela gaineratu du. Bestalde, herritarrei kalera ateratzeko eta eragile politikoei eta sindikalei pausoak ematen jarraitzeko dei egin die.
Euskal Herriko gizarteak eraso guztiei erantzungo diela ohartarazi dio Asier Vega Alternatibako bozeramaileak Espainiako Gobernuari; herriak ez baititu Euskal Herriari eta euskal herritarrei egindako gutxiespenak eta agintekeriak onartuko. Giza eskubideen eta bakearen aldeko manifestazio "historikoaren" garrantzia nabarmendu du eta siglen gainetik gaurko protagonismoa Euskal Herriko gizarteari dagokiola gaineratu du.
Posizionatzeko eta bakea eta normalizazioa lortzeko pausoak ematen hasteko eskatu dio Ikerne Badiola Eusko Alkartasunako Komunikazio idazkariak Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteari. Badiolaren iritziz, Euskal Herriko gizarteak denbora asko darama bakea eta normalizazio politikoa eskatzen. Ildo beretik, manifestazioaren deitzaileak bakearen eta normalizazioaren alde lan egiteko helburuarekin elkartu direla nabarmendu du.
Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaileak kartzela politika "lehenbailehen" aldatzeko eskatu du, eta terrorismoaren lege bidegabe baten ondorioz preso dauden pertsonak gogoan izan ditu. Alderdien arteko batasuna ahalbideratu duena goiburua bera izan dela nabarmendu du.
Mertxe Colina Abertzaleen Batasunako buruzagiak gaurko manifestazioan irudikatu den batasuna "argazki hutsa" ez izatea eta aurrera begira "mugarri" izatea espero du.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa