Politika
Guardia Zibilaren operazioa
Erredakzioa
Atxiloketak Bilbon, Donostian eta Iruñean egin dituzte. Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak dira atxilotuetako bi. Guardia Zibilak miaketak egiten jarraitzen du.
Albisteak (5)
Informazio gehiago (1)
galeriak (1)
Guardia Zibilak zortzi pertsona atxilotu ditu Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) bitartekaritzaren aurka egindako operazioan. Atxilotutako lagunak ondorengoak dira: Arantza Zulueta, Jon Enparantza, Aintzane Orkolaga, Mikel Almandoz, Asier Aranguren, Aitziber Sagarminaga, Jose Luis Campo eta Egoitz Lopez de la Calle.
Guardi Zibilak Arantza Zulueta abokatuak Bilbon duen bulegoa miatu du. Bulego horretan, Zulueta atxilotzeaz gain, Jon Enparantza abokatua eta beste lau preso ohi ere atxilotu dituzte. Atxilotutakoei espetxeetako koordinazio taldeko kide izatea egotzi diete. Jose Luis Campo, Mikel Almandoz, Aitziber Sagarminaga eta Egoitz Lopez de la Calle dira aipatu lau preso ohiak. Lehendabiziko hirurek Frantzian edo Espainian bete zituzten zigorrak; laugarrena, Segiko kide izateagatik zigortu zuten. Europa Pressek zabaldu duenez, Sagarminagak alokatu zuen Durangoko Kafe Antzokia, joan den larunbatean preso ohiek egin zuten agerraldia burutu ahal izateko.
Beste bi atxiloketak Iruñean eta Donostian izan dira. Guardia Zibilak Asier Aranguren Urroz atxilotu du Nafarroako hiriburuan eta Miren Aintzane Orkolaga Etxaniz Gipuzkoako hiriburuan.
Auzitegi Nazionaleko seigarren atalak agindu du polizia operazioa eta Guardia Zibilaren Informazio Buruzagitza ari da operazioa aurrera eramaten. Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako komandantzietako kideak ere parte hartzen ari dira operazioan, GAReko kideekin batera.
Guardia Zibila hainbat miaketa ere egiten ari da. Arantza Zuluetak Bilboko Elkano kalean duen bulegoa eta Hernaniko Antziola kalean Abokatuen Elkarteak duen bulegoa miatu dituzte. Azken horretan lan egiten dute Jon Enparantzak eta Jose Luis Campok.
EFE agentziaren arabera, Guardia Zibila Jon Enparantzaren etxera joan da, Donostiako Antiguo auzoan. Era berean, miaketak egiten ari da Iruñeako Buztintxuri auzoko etxebizitza batean eta Burlatako San Francisco kaleko etxebizitza batean.
Atxilotutakoen etxebizitzetara ere joan da Guardia Zibila eta horiek zaintzen ari dira atxilotutakoak bertara eraman bitartean. Operazioak zabalik jarraitzen du.
'Xake' operazioa
Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak azpimarratu du ETAren 'kartzeletako frontea' desegin dutela gaurko polizia-operazioarekin, eta erakunde armatuak ustez presoak kontrolatzeko erabiltzen zituen zortzi abokatuak atxilotu dituztela.
"Beste pauso bat eman dugu ETA desegiteko Zuzenbide Estatua egiten ari den borrokan", gaineratu du Fernandez Diazek.
Guardia Zibilaren arabera, berriz, "Espainian indarrean dagoen ETAren egitura bakarraren aurkako operazioa da gaurkoa".
'Xake' izena jarri diote operazioari, eta segurtasun indarrek adierazi dutenez, joan den urteko irailean Herriraren aurka egindako operazioaren jarraipena da.
Terrorismoaren aurkako indarren arabera, indarkeria amaitu arren, espetxeetako koordinazio taldeak lanean jarraitu du. "Egitura horrek ETAren zuzendaritzak emandako aginduak betetzen ditu eta helburu nagusia presoen ideologia bateratua mantentzea du", aipatu iturrien arabera.
Guardia Zibilak adierazi duenez, Koordinazio Taldearen eginkizuna presoak kontrolatzea da. Arratsaldean atxilotu dituzten zortzi laguneei talde hori osatzea leporatzen diete, eta segurtasun indarren arabera, Arantza Zulueta abokatua izango litzateke arduradun nagusia.
Atxilotu bat protesta egiteagatik
Ertzaintzak pertsona bat atxilotu du arratsaldean, Bilbon. Atxilotua Guardia Zibilaren operazioaren aurka protesta egiten ari zen abokatuen bulegoen aurrean.
Operazioari babesa emateko polizia-lerrotik aldentzeko eskatu diote ertzainek, baina atxilotuak, antza denez, ez du obeditu, Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez.
50 bat pertsonek parte hartu dute protestan.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa