Politika
Kataluniako kontsulta
Erredakzioa
Gutun batean, Katalunia independentea Europar Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela berretsi du Europako Batzordeko presidenteak.
Mariano Rajoy eta Durao Barroso. EFE
Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak erantzuna eman dio gaur Artur Mas Generalitateko presidenteak Kataluniako kontsulta independentistari buruz igorritako gutunari.
Hain zuzen ere, Masek Barrosori eta Europar Batasuneko 28 estatu kideen gobernuburuei eta estatuburuei bidali zien gutuna, kontsultaren aldeko babesak biltzeko. Europako Batzordeko presidenteak baino ez dio erantzun, eta kontsulta "eztabaida nazionala" dela esan dio, hau da, Europako erakundeek ez dutela esku hartuko ohartarazi dio.
Gutunak sei lerro besterik ez du, ingelesez idatzita dago eta gaur goizean igorri dio Generalitateko presidenteari.
Horretan, Barrosok eskertu egin dio gutuna, baina Europako Batzordeak ezin duela erreferendum nazional bati buruz iritzia eman esan dio.
Nolanahi ere, gogora ekarri ditu kontsulta egiteak ekarriko lituzkeen ondorioak, horiek zeintzuk diren aipatu ez badu ere.
Hori horrela, kontsultari buruz egin zuen azken adierazpenean, azaroaren 20an, Espainiatik bereiziko balitz Katalunia Europar Batasunetik kanpo geratuko litzatekeela esan zuen Barrosok.
"Estatu independente berri bat, independentzia lortzeagatik, beste herrialde bat izango litzateke Europar Batasunaren begietara, eta Europako Itunak ez lirateke indarrean egongo lurralde horretan", gaineratu zuen.
Horrenbestez, Katalunia independenteak Europar Batasunaren parte izan nahi balu, eskaera egin eta hogeita zortziek "aho batez" onartu beharko luketela adierazi zuen.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa