Politika
Noos auzia
Erredakzioa
Egotzitako delituek 11 urte arteko espetxe zigorra ekar liezaiokete Juan Carlos I.a erregearen alabari.
Informazio gehiago (2)
Jose Castro Noos auziko instrukzio epaileak Cristina infanta inputatzeko zantzu nahikoak daudela uste du. Izan ere, Iñaki Urdangarin senarrarekin batera zuen Aizoon enpresak ustez egindako delituak "Ogasunaren aurrean estaltzen" saiatu zela eta konpainia horrek lortutako diru publiko irregularraz jabetu zela ondorioztatu du.
"Ez da inor eskandalizatu behar horren harira galderak egin nahi izateagatik", aldarrikatu du epaileak.
Hori horrela, Castrok martxoaren 8an deklaratzera deitu du, 10:00etan, Palmako Epaitegietan, iruzur fiskala egitea eta dirua zuritzea egotzita. Delituek 11 urte arteko espetxe zigorra ekar liezaiokete infantari.
Autoan, Aizoon konpainia Noos Institutuaren jarduera irregularrek lortutako mozkinak bideratzeko erabili zutela azaldu du epaileak. Are gehiago, Aizoonen helburu bakarra Ogasunari iruzur egitea eta faktura faltsuen bidez Noos Institutuaren bidez mozkinak lortzea dela nabarmendu du. Mozkin irregular horietako asko euren etxea erreformatzeko erabili zuten Palmako duke-dukesek.
Duela bederatzi hilabete epaileak infanta lehen aldiz inputatu zuenean gertatu ez bezala, oraingoan badirudi Palmako Auzitegiak ez duela baliogabetuko inputazioa.
Autoaren esaldi adierazgarrienak
- "Argi dago Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak ez duela inoiz Aizoon enpresaren bidez lortutako dibidendurik deklaratu".
- "Ezin da onartu Aizoon konpainiak dibidenduen banaketa iluna egitea; senar-emazteek [Palmako duke-dukesak] gastu pertsonalak egin ahal izateko egin zuen".
- "Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak Aizoon enpresari kobratu zizkion gastu pertsonalak iruzur bikoitza izan ziren".
- "Diru kopuru horiek gastu pertsonal hutsak ordaintzeko erabili zituzten, eta pertsona fisikoen errentaren gaineko zergan (PFEZ) deklaratu behar zituzten, higiezinen errendimendu gisa, baina argi dago Iñaki Urdangarinek eta Cristina Borboikoak ez zutela inoiz egin. Horrenbestez, behin eta berriro egin zioten iruzurra Ogasun Publikoari".
- "Ez da onargarria modu irregularrean aberastu denak irregulartasun horien berri ez izatea pentsatzea eta horri buruz galdetu nahi ez izatea".
- "Epaitegi honek ez du uste zuzenbide-estatuaren oinarriak kolokan jarri dituenik; guztiz kontrakoa, [Cristina infantak] Aizoon enpresaren jabetzaren erdia zuelako, konpainiaren egoitza soziala bere etxebizitza zelako eta diru irregularrarekin aberastu zelako".
- "Iñaki Urdangarin Liebaerti egozten zaizkion delitu fiskalak nekez gauzatu ahalko ziren emazteak jakin gabe, besteen aurrean infantak ezikusiarena egin badu ere".
- "Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoak ezinbesteko zeregina izan du Aizoon konpainian delitu fiskalak egiteko, [...] eta, horrenbestez, ez da zaila ulertzea Cristina Federica Borboikoa eta Greziakoari horri buruz azalpenak ematea eskatzea".
- "Cristina Borboikoa eta Greziakoak esku hartu du, bere burua aberastuz eta senarrak ere egitea ahalbidetuz, Aizoon enpresaren erdiaren jabe zela baliatuta, eta hori Noos Institutuaren bidez egin zuen, Valentziako eta Balearretako erkidegoen aldetik jasotako diru publikoa bereganatuta".
- "Lekuko zuzenen arabera, Cristina Borboikoa eta Greziakoak etxeko langileak kontratatzen ere esku hartu zuen, eta proba epea gainditzekotan, soldatak diru beltzean emango zizkiela esan zien".
- "Sinbiosia dago, argudioei dagokienez, infantaren defentsak eta Ministerio Fiskalak erabilitako alegazioen artean".
- "Helburu bakarra infantak egoitza judizialean azalpenak ematea da, baina horrek ez du galarazten ez deklaratzeko eskubideari heltzea".
- "Ukaezina da Cristina Borboikoa eta Greziakoak errugabetasun presuntzioa duela, baina hori ez da ad hoc sortutako pribilegio bat, auzi guztietan inputatutako guztiek dute eskubide hori".
- "Pertsona bat [infanta] inputatu gisa deklaratzera deitu ahal izateko zuzenbide itun bat idatzi behar izan dut".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa