23:47

Politika

Elkarrizketa

Urkullu: 'Espainiako Gobernuak jarrera aldatu behar du'

Eriz Lotina | eitb.com

Espetxe politika aldatzea posible dela uste du: "Legediak presoei aukerak ematen dizkie baldintza batzuk betez gero, eta Gobernuak legea zorroztasunez bete behar du, baina zirrikituak badaude".

2:10
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Bake prozesuaren aurrean "Espainiako Gobernuak jarrera aldatu behar du", Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez. Urkulluren hitzetan, Rajoyren Exekutiboak "gauzak aldatu ez balira bezala jarraitzen du, baina gauzak aldatu dira".

Lehendakaria ETB1eko 'Azpimarra+' saioan elkarrizketatu dute. Buruzagiaren ahotan, "Espainiako Gobernuak jarrera aldatu behar du, baina ez ezker abertzaleari zor diolako, inondik inora ere; aldatu egin behar du euskal gizarteari zor diolako". Espetxe politika aldatzea posible dela uste du Urkulluk: "Legediak presoei aukerak ematen dizkie, baldintza batzuk betez gero, eta Gobernuak legea zorroztasunez bete behar du, baina zirrikituak badaude".

Lehendakariak euskal presoen kolektiboak emandako "urratsak" baloratu ditu. EPPKren azken agiriak "erretorika eta estrategia asko" duela kritikatu du Urkulluk, "baina urrats bat" izan dela ez du ukatu. "Eman beharreko beste urrats batzuk zehazteke daude oraindik", gogorarazi du.

Bestalde, ETAk agiri bat "lehenbailehen" plazaratzea nahiko luke Jaurlaritzako buruzagiak. Horretarako "sei hilabete" itxaron behar ez izatea espero du Urkulluk. Agiri horren edukiaz "behintzat desarmatzearen iragarpena" suposatu beharko lukeela esan du lehendakariak.

Desarmearen inguruan "denetarako tesiak" daudela azaldu du agintariak, baina egotekotan norbaitek egiaztatu beharko lukeela uste du. "Estatuak lan horri muzin egiten baldin badio, beste norbaitek egin beharko du, niri bost axola nork", adierazi du. "Nik prest nago baterako zein besterako, nire jarrera laguntzearena izan da beti, bai Aieteren aurretik zein Aieteren atzetik", erantsi du.

Laguntza ematearen harian, "diskrezioz, nik ez dut protagonismorik nahi", esan du Urkulluk. Desarmea egiaztatzeko lana "nazioarteko eragileek edo Jaurlaritzako ordezkariek" egin dezaketela azaldu du lehendakariak. "Ertzaintza prest legoke", gaineratu du.

Ezker abertzaleko ordezkariekin, nazioarteko ikuskatzaileekin eta ordezkariekin azkenaldian behin baino gehiagotan bildu dela onartu du lehendakariak, eta biltzen jarraituko duela esan du, "lagungarri baldin bada".

Estatus politiko berriari dagokionez, "autogobernua eguneratzeko" beharra dagoela adierazi du lehendakariak. "Erabakitzeko eskubidea tresna bat da, ez helburua", esan du. "Autogobernuaren eguneratzeak gutxienez bere garaian Gernikako Estatutuak izan zuen adostasuna izan beharko luke", erantsi du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena