Politika
EAJ-ren erreakzioa
Erredakzioa
Presoen kolektiboaren adierazpena aurrerapen bat dela esan du Erkorekak, baina "aitorpen isolatu bat" izan ez dadin eskatu du. Gainera, Gobernu zentralari politika aldatzeko deia egin dio.
Albisteak (2)
Dokumentuak (1)
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) adierazpena "aurrerapen positiboa" dela esan du. Hala ere, "ekintzetan" islatuta ikusi nahi duela eta pauso gehiago eman behar direla uste du, besteak beste, ETAk armak uztea eta erakundea deuseztatzea. Gainera, Gobernu zentralari espetxe politika aldatzeko eskatu dio, "presoen kolektiboak hitz eman duena ekintza konkretuetan islatzen den heinean".
Bilbon eskaini duen prentsaurrekoan, EPPKren adierazpenaren inguruan mintzatu da Erkoreka. Igorritako komunikatuan, gatazkaren ondorioz eragindako mina eta oinazea onartzen ditu presoen kolektiboak, eta "etxera itzulera" prozesua "modu mailakatuan, banakako konpromisoekin eta zentzuzko denboran" amaitzeko aukera adosteko prest agertzen da.
Adierazpenaren aurrean zuhurtasuna eskatu du Erkorekak, eta presoek "espetxe legeak eta banakako birgizarteratzea" onartzea eta eragindako mina aitortzea aurrerapausoa dela esan duen arren, azken adierazpen hori "oso mugatua eta partziala" dela uste du.
Dena dela, adierazpena "ekintzetan gauzatzea" beharrezkoa da, Erkorekaren aburuz, konpromiso horri sinesgarritasuna eman eta "etorkizun baketsua" bermatzeko. Gainera, "pauso" hori "aldebakarreko pauso segida" baten lehenengoa izan dadin eskatu dio EPPKri, tartean, ETAren desarmea eta deuseztapena. "Ezin du aitorpen isolatu bat izan", adierazi du bozeramaileak.
Bestalde, Gobernu zentralak "gogoan hartzeko aukera ona" duela azpimarratu du, eta espetxe politika aldatzeko eskatu dio, "presoen kolektiboak hitz eman duena ekintza konkretuetan islatzen den heinean".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa