Politika
Bakegintza
Erredakzioa
Sortu, Aralar, EA eta UPyD alderdietako ordezkariek lehen adierazpenak egin dituzte.
Bideoak (1)
Informazio gehiago (2)
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) kaleratu duen komunikatuak erreakzio oldea eragin du, eta Euskal Herriko alderdi politikoetako ordezkariek lehen adierazpenak egin dituzte biharko agerraldi ofizialen aurretik. EPPK-k ontzat eman du presoen "etxeratze prozesua, Euskal Herriratzea lehentasunez eta kaleratzea ezinbestez, lege-baliabideak erabiliz gauzatzea, horrek inplizituki gure zigorraren onarpena dakarren arrean".
EPPKren komunikatua garrantzia handikoa da, Sorturen arabera
Joseba Permach Sortuko kidearen esanetan, EPPK-k larunbat honetan jakitera eman duen komunikatua "aldebakarreko ekarpen oso garrantzitsua da".
PSE-EEk aurrerapauso garrantzitsutzat jo du
Rodolfo Ares PSE-EEko Antolakuntza idazkariaren esanetan, EPPK-k aurrerapauso nabarmena eman du gaur iraganeko posizioekin alderatuta.
Ohar batean kaleratu duenez, "orain arte amnistia eskatzen zuten presoek 850 heriotza eragin dituen ekintza terroristengatik inolako erantzukizunik aitortu gabe".
Garrantzitsuena, PSE-EEren arabera, presoek gizarteratzeko egin beharreko bidea modu indibidualean egiteko erakutsitako borondatea eta eragindako mina onartzea izan dira. Gaineratu duenez, aurrera egin ahal izateko presoek ETAri disoluzioa eskatu behar diote.
Bestalde, ETAk oraindik armak entregatu behar dituela eta disoluzioa iragarri behar duela ohartarazi du Odon Elorza diputatu sozialistak eta Donostiako alkateak ohiak."Berandu datorren beste pauso bat da", gaineratu du.
Pausoak eman hasteko eskatu dio EAk Espainiako Gobernuari
Eusko Alkartasunako Rafael Larreinak pausoak ematen hasteko eskatu dio Espainiako Gobernuari. "Euskal gizartearen ahaleginarekin bat dator EPPKren adierazpena", gaineratu du.
Horren esanetan, "Rajoyren Gobernuak pausoak ematen hasteko garaia du", eta zenbaitek presoen kolektiboa ematen ari den pausoei garrantzia kentzeko duten obsesioa gaitzetsi du.
"Dena berandu datorrela, dena gutxiegi dela eta gehiago eskatzen duten horiei ez zaie bururatzen kartzela legedia betetzeko eskatzea", nabarmendu du.
Aralar: "EPPK arduraz jokatzen ari da"
Rebeka Ubera Aralarreko antolakuntza idazkariak positibotzat jo du EPPKren oharra eta Euskal Preso Politikoen Kolektiboa arduraz jokatzen ari dela adierazi du. Horren esanetan, "nazioarteko esperientziak erakutsi digu amnistia dela prozesu armatu guztien amaiera, bakearen froga eta elkarbizitzaren zutabea".
Uberaren iritziz, gaur kaleratutako adierazpen horrekin, EPPK-k aspaldian hasitako bideari eusten diola berretsi du eta bake prozesuarekin konpromisoa erakutsi du.
"Presoek gatazkan izan duten erantzukizuna bere gain hartu dute, gatazkan inplikatutako beste eragile batzuek, ordea, ez dute horrelakorik egin eta hori aipagarria da", ohartarazi du Rebeka Uberak. Halaber, "modu berean jokatzeko deia egin die eragileei eta erakundeei "guztioi baitagokigu gure erantzukizunak onartzea aurrera egin ahal izateko".
Bestalde, Espainiako eta Frantziako Gobernuen jarrera kritikatu du, "erantzukizunak ez onartzeaz gain, prozesuari trabak jartzen dizkiotelako".
PP: 'ETAko presoek atzerapenarekin onartu dute Gobernu honekin ez dagoela lasterbiderik'
Iñaki Oyarzabal Euskadiko popularren idazkari nagusiak adierazi duenez, EPPK-k bi urteko atzerapenarekin onartu du "Gobernu honekin ez dagoela lasterbiderik eta ez duela legezkotasuna eta Zuzenbide Estatua aitortu beste aukerarik".
Oyarzabalen esanetan, presoek gatazka politikoaren teorian murgilduta jarraitzen dute, "izan ere, eragindako mina aitortzen dute, baina, ez beren erantzukizuna".
Bestalde, EPPK-ren agiria ez dela nahikoa nabarmendu du Oyarzabalek, "helburua ETAren disoluzioa lortzea baita". Hala ere, legearen aitortza lortzeko bidean pauso guztiak kontuan hartzen dituela gaineratu du.
Maneiro: 'ETAko presoek ezarritako zigorrak bete behar dituzte'
Gorka Maneiro UPyDko legebiltzarkideak azaldu duenez, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren adierazpena "ETAren munduaren eta horren zerbitzu languntzaileen ohiko gezurrez, manipulazioz eta falaziaz beteta dago". Horren esanetan, ETAko presoek ez dute zigorra bete beste aukerarik.
Agiri bat kaleratu du Maneirok, eta ETAko presoak ez direla biktimak nabarmendu du, pertsona errugabeen kontra atentatua egiteagatik espetxeratuta dauden terroristak baizik.
Lokarriren esanetan, komunikatuak bake prozesuaren atzeraezintasuna indartzen du
Lokarri Akordioaren eta Kontsultaren Aldeko Herritarren Sarearen esanetan, EPPKren komunikatuan aurrerapauso nabarmenak antzeman daitezke eta bake prozesuaren atzeraezintasuna indartzen du. Halaber, zailtasunak zailtasun elkarbizitza lortzeko itxaropena hauspotzen du.
Komunikatua modu positiboan baloratu du, eta hainbat alderdi politikok eta eragile sozialek presoen kolektiboak gehiago egin ahal duela adieraziko badute ere, "adierazpenaren edukia positiboa da".
Bestalde, EPPK-k aditzeko eta eragile politikoekin eta sozialekin elkarrizketa guneak irekitzeko prest dagoela nabarmendu du.
Lokarriren iritziz, EPPK-k erakutsitako borondate horrek adostutako konponbidea lortzeko esperantza indartzen du.
Halaber, oso garrantzitsutzat jo du EPPK-k eragindako mina aitortzea eta preso bakoitzaren ardura aztertzeko prest agertzea.
Beste erreakzioak
EPPKk EHko Foro Sozialaren gomendioak onartu ditu. Berri bikaina; Espainiako gobernua behartuta dago erantzutera
— Uxue Barkos (@uxuebarkos) diciembre 28, 2013
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa