Politika
EITB-ren seinalea Nafarroan
Erredakzioa
EiTBk Nafarroan normaltasunez emititu dezan eta azkenaldian piztutako polemikari amaiera emateko asmoz hartu dute aipatu erabakia Iñigo Urkulluk eta Yolanda Barcinak.
Iñigo Urkullu eta Yolanda Barcina artxiboko irudi batean.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Yolanda Barcina Nafarroako presidenteak EiTBren seinalearen harira sortutako polemika izan dute hizpide gaur goizean. Ika-mikari amaiera emateko eta EiTB Nafarroan normaltasunez emititzeko helburuarekin, bi gobernuek lantalde bat eratzea erabaki dute.
EiTBk atzo iragarri zuen Nafarroan duen sarea digitalizatzeko lehen fasea ostegun honetan jarriko zuela abian, Nafarroako Parlamentuaren gehiengoak eskatu zuen moduan.
EiTBk atzo jakinarazi zion Nafarroako Gobernuari aipatu egitasmoa abian jartzera zihoala. Alabaina, Foru Gobernuak "legez kanpoko esku sartzetzat" jo zuen, polemika piztuta.
Gaur, Yolanda Barcinak jarrera hori berretsi du. Iñigo Urkulluk, berriz, ETB Nafarroan ez ikustea normala ez dela adierazi du.
Parlamentuaren eskaera bete ahal izateko konponbidearen zain dago EiTB
Bestalde, EiTBk gaur azaldu duenez, Nafarroako Gobernuaren konponbidearen zain dago digitalizazio prozesua egiteko, eta, honenbestez, Nafarroako Foru Parlamentuak joan zen urriaren 25ean egindako eskaria betetzeko.
Prentsa ohar batean, EiTBk gogora ekarri du Nafarroako Parlamentua izan zela Euskal Telebistari “aldi baterako, eta behin betiko konponbidea iritsi arte, sare analogikoa digitalizatzeko eskatu ziona”.
EiTBk zehaztu duenez, prest ditu LTD bidez Iruñerrian ETBko eta Taldeko Irratietako seinalea eskaini ahal izateko beharrezkoak diren baliabide teknologikoak. Digitalizazioaren inguruan proposatutako konponbidea "aldi baterako da, behin-betiko konponbidea iristen den bitartean".
“Hartutako neurria konponbide teknikoa da, eta ez du kostu ekonomikorik Nafarroako gizartearentzat”, gaineratu du EiTBk. Eduki digitalarekin gaur egungo eduki analogikoa ordezkatu da; gaur egun ETB1 eta ETB2rako erabiltzen diren frekuentziatan, hain juxtu. Ez da leku radioelektriko berri edo ezberdinik bete.
EiTBk zehaztu duenez, haren asmoa, Nafarroan programazio erakargarria eta kalitatezkoa eskaintzea da, euskararen normalizazioren alde eginez, eta Nafarroako gizartearen gehiengoari erantzunez.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa