Politika
Jaurlaritzaren inkesta
Erredakzioa
Euskal herritarren % 31k "egoeraren arabera" erabakiko lukete independentziaren alde edo aurka egitea. % 29 aurka daude, eta % 25 alde.
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) herritar gehienek (% 31) "egoeraren arabera" erabakiko lukete independentzia babestea edo ez. Gainera, % 29 aurka daude, eta % 25 alde. Beste % 15ek ez dute iritzirik eman.
Eusko Jaurlaritzaren azken soziometroaren arabera, halaber, alderdi politikoek ez dute herritarren azterketa gainditu, denek 5 puntuz azpiko nota lortu baitute.
Hori horrela, puntuazio handiena EAJk du (4,3 puntu). Ondoren, EH Bildu (3,6), PSE-EE (3,1), Ezker Anitza (2,9), Ezker Batua (2,8), Equo (2,3), UPyD (1,9) eta PP (1,7) daude.
EAJren, EH Bilduren eta Ezker Anitzaren balorazioek gora egin dute, apirileko inkestarekin alderatuta, eta PPk otsaileko nota bera izan du, hau da, txarrena 1995. urtean datu hauek biltzen hasi zirenetik.
Buruzagi politikoei dagokienez, Iñigo Urkullu lehendakaria da gainditu duen bakarra (5,2 puntu). Atzetik Laura Mintegi (4,8), Patxi Lopez (4,1), Arantza Quiroga (3,2) eta Gorka Maneiro (2,8) ditu. Oro har, politikari guztien balorazioak hobetu egin dira apiriletik.
Herritarrak, LOMCEren aurka
Bestalde, Jaurlaritzaren inkestak agerian utzi du herritar gehienak Jose Ignacio Wert Hezkuntza ministroaren erreformaren aurka daudela.
Hain zuzen ere, % 52 "aurka edo oso aurka" daude, eta % 5 baino ez dira agertu "alde edo oso alde". Hori bai, % 42k ez dute ezer entzun erreformari buruz edo ez dute iritzirik eman.
Jaurlaritzak zer-nolako jarrera izan behar duen galdetuta, herritarrak ez daude ados, eta berdinketa egon da bi iritzi nagusien artean: % 39 Espainiako Gobernuarekin negoziatzearen alde daude, eta beste % 39k erreforma ez ezartzea nahi dute, horrek erakundeen artean liskarrak ekarriko baditu ere.
Aurrez aurreko 2.289 elkarrizketa eginez egin dute inkesta.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa