07:15

Politika

Bake eta Bizikidetza

Jaurlaritzak Bake Plana aurkeztuko du gaur, ekarpenak jaso eta gero

Erredakzioa

Gasteizko Gobernuak EAJren, PSE-EEren eta PPren artean adostutako "zoru etikoa" gaineratu dio testuari.

  • Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. EiTB

    Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza idazkaria. EiTB

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Eusko Jaurlaritzak Bake eta Bizikidetza Planaren behin betiko testua aurkeztuko du gaur, azken legegintzaldian EAJk, PSE-EEk eta PPk adostutako "zoru etikoa" gaineratu eta gero.

Aurkezpena Jonan Fernandez Bake eta Bizikidetza idazkariak egingo du, 10:30ean, Jaurlaritzak Donostian duen egoitzan.

Gasteizko Gobernutik azaldu dutenez, alderdiek eta biktimen elkarteek ekarpenak egin dituzte, eta, horren ostean, Eusko Legebiltzarrean azken legegintzaldian adostutako "zoru etikoa" gaineratzea erabaki dute. Hitzaurre batean egingo dute.

Besteak beste, indarkeria bidegabea dela adierazten du "zoru etiko" horrek. Gainera, aro berria ETA behin betiko desagertuta baino ez dela errotuko nabarmentzen du, eta eragindako kaltea eta biktimen duintasuna aitortzen ditu.

"Zoru etikoa" gaineratzea PPren aldarrikapenetako bat zen. Izan ere, lehendabiziko Bake eta Bizikidetza Planari "atzerapausoa" iritzi zion.

Jaurlaritzaren esanetan, "gutxieneko" printzipio horiek dagoeneko jasota zeuden plan horretan, baina "indartu" egin nahi izan dituzte, hitzaurre batean "zoru etikoa" erantsita.

Jonan Fernandezek ekainean aurkeztu zuen Bake eta Bizikidetza Plana, eta, ondoren, irailaren 20ra arteko epea jarri zuen, alderdiek, elkarteek eta biktimek ekarpenak egin zitzaten. Orotara, 28 txosten jaso dituzte.

Planak hiru atal zituen (iragana, oraina eta geroa), eta, besteak beste, hauek aurreikusten zituen: tortura salaketak ikertzea, giza eskubideen urraketei buruzko txosten bat egitea, ETAren eta "orain babes legalik ez duten bitkimei" kalte-ordainak ematea, espetxe politika aldatzea eta presoak berriz gizarteratzea.

PSE-EEk "anbiguo"tzat jo zuen, eta "Batasunaren ideien gertukoa" dela kritikatu zuen. Hori dela eta, 25 alegazio aurkeztu zituen.

EH Bilduren ustez, testuak "ahaztu" egiten zituen Estatuaren "indarkeriak", eta abiapuntua ("ETAren atentatuak tragediaren hasiera eta amaiera izan direla") "faltsua" dela nabarmendu zuen.

Urrian planean hainbat proposamen gaineratuko zituztela aurreratu zuen Fernandezek. Azken testu hori da, hain zuzen ere, gaur aurkeztuko dutena.

Alderdi guztiek egin dituzte ekarpenak, UPyDk izan ezik.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena