23:45

Politika

''Ganbara'' berezia

'Parot doktrina' mintzagai, preso ohi batekin eta bi senitartekorekin

Maria Suarez | Radio Euskadi

Oskar Abad, Jone Artola eta Nagore Lopez de Luzuriaga izan dira ''Ganbara'' saioan, Parot doktrinaren inguruko bigarren mahai-inguruan.

  • Parot doktrinaren inguruko mahai-ingurua ''Ganbaran''

    Parot doktrinaren inguruko mahai-ingurua ''Ganbaran''. Argazkia: Radio Euskadi

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

1991n atxilotu zuten Oskar Abad, 20 urte zituela. ETAko beste kide batzuekin batera Guardia Zibilaren agente baten auto azpian lehergailu bat jartzen ari zela, lehertu egin zitzaion, eta larri zauritu zen.

Ekintza hori dela-eta, 38 urteko kartzela-zigorra ezarri zion Auzitegi Nazionalak 1995ean.

Urtebete geroago, berriz epaitu zuten, ETAko Txaparta taldeko kidea izatea eta Basaurin polizia baten kontra atentatua egitea egotzita.

2010eko abenduaren 31n utzi behar zuten aske, baina 'Parot doktrina' dela-eta, 2021a arte luzatu zioten zigorra.

Orain urtebete, Auzitegi Nazionalak zigorra berrikusi zuen eta, 1985eko Kode Penala oinarri hartuta zigortu behar zutela iritzita, aske utzi zuten.

Kartzelatik irten zenean ''hodei batean bezala'' sentitu zela azaldu du Radio Euskadin. Senitartekoen, lagunen eta elkarteen laguntzarekin, ''zerotik hasi'' behar izan zuela azpimarratu du.

Bake-prozesuak egun duen egoeraz galdetuta, ETA ''desarmatzeko irrikan'' dagoela baina prozesua modu ordenatuan egin behar dela esan du Abadek. ''Bestela, ez da bideragarria'', gaineratu du.

ETAko presoen senitartekoak

Mahai-inguruan, ETAko presoen bi senitartekok ere hartu dute parte: Nagore Lopez de Luzuriagak eta Jone Artolak.

Kartzelan osaba eta izeko bat ditu orain Lopez de Luzuriagak, eta izekoa minbiziak jota dago. Biei eragiten die 'Parot doktrina'k.

Doktrina hori aplikatuta, kartzelan 28 urte daramatzan Joseba Artolaren arreba da Jone. Biek espero dute senitartekoak ahalik eta arinen aske geratzea.

''Parot doktrina dela-eta gure senitartekoek kartzelan eman dituzten gehiegizko urteak guk pairatu ditugu, bidaiak egiten jarraitu dugulako eta astebururo bizia arriskuan jarri dugulako''. Hala, familiako kideek ere zigorra jaso dutela azpimarratu dute, eta, beraz, Estrasburgoko ebazpenak zapore ''gazi-gozoa'' duela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena