Politika
Epaiketak eteteko deia
Manifestazioa bukatu denean, Garazi Rodriguezek eta Floren Aoizek hartu dute hitza auzipetu guztien izenean, eta bakearekiko eta giza eskubidekiko duten konpromisoa aldarrikatu dute.
Albisteak (8)
Milaka pertsonek parte hartu dute Herriko Tabernen auziaren eta Segiren ustezko 36 kideren kontrako epaiketaren kontra Bilbon deitutako manifestazioan.
Libre, epaiketa politikorik ez lelopean, Auzitegi Nazionalean abiatutako auziok bertan behera uztea du eskatu dute. 17:30ean abiatu da manifestazioa Jesusen Bihotzetik, eta Bilboko kale nagusietan barrena ibili dira harik eta Bilboko udaletxera heldu diren arte.
Manifestazioaren buruan, bi sumarioetan auzipetutako zenbait pertsona egon dira; besteak beste, Karmeko Landa eta Joseba Permach, biak Herriko Tabernen sumarioan auzipetuak.
"Konponbidearen alde. Eskubide guztiak" zioen pankartaren atzean Segiko kide izatea leporatzen dieten 36 gazteak eta Herriko Tabernen auzian inputatuko beste hainbat pertsona izan dira.
Halaber, protestan parte hartu dute ezker abertzaleko Rufi Etxeberria, Joseba Permach, Karmelo Landa, Maribi Ugarteburu, Hasier Arraiz eta Pernando Barrena kideek, eta baita EH Bilduko hainbat legebiltzarkidek ere, Oskar Matute, Pello Urizar eta Rebeka Ubera, kasu. Adolfo Muñoz, Txiki, ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia ere bertan izan dira.
Ibilbidean zehar, parte-hartzaileek txilibitua jo dute, eta epaiketa politikoen kontrako oihuak egin dituzte.
Auzipetuen komunikatua
Manifestazioaren amaieran Bilboko udaletxeko atari nagusiko eskaileretan Garazi Rodriguezek eta Floren Aoizek komunikatu bat irakurri dute auzipetu guztien izenean. "Ez da prozesu politikoak abiatzeko eta pertsonak beren ideiengatik edo ekintza politikoagatik kartzelara bidaltzeko garaia. Gatazkari erantzun justuak aurkitzeko eta horren ondorioekin amaitzeko garaia da. Hori da herrialde honetako gehiengoak eta guk pentsatzen duguna", azaldu dute.
Inputatuen esanetan, "garai politiko berria bultzatzearen errudun dira, eta baita demokrazia, bakea, normalizazioa lortzeko borrokatzearen erantzule ere". "Garai politiko berri honi aurre egiteko zigor ekonomiko handiak ezarri dituzten horiena da arazoa, eta handia da gainera. Izan ere, demokrazia albo batera utzi dute demokrazia ezinbestekoa den arazo bati aurre egiteko", gaineratu dute.
"Espainiako Estatuaren eskaintza bakarra ukazioa eta inposizioa dira. Herria da gure indarra. Gure herriaren eskubide guztien aitortza eta errespetua jaso behar ditu guk aldarrikatzen dugun zoru etikoak", adierazi du. Bakearekiko eta giza eskubideekiko konpromisoa nabarmendu dute. Halaber,
Bestalde, euskal herritarrentzat eta kataluniarrentzat demokrazia lortzeko nahia aldarrikatu dute.
Alderdi politikoen erreakzioak
Martxa hasi baino lehen, Maribi Ugarteburu Sortuko bozeramaileak adierazi duenez, epaiketa politikoei "ezetz esateko" egon dira Bilbon, eta "baietz" Euskadiko "konponbide demokratikoaren prozesuari" eta bakeari. Horren ustez, gaurko manifestazioa salbuespen egoeren kontrako eta konponbidearen eta bakearen aldeko aldarria izan da.
Pello Urizar EAko buruzagiak Herriko Tabernen eta Segiren auzietan inputatuta dauden pertsona guztiak aske uzteko eskatu du, "ulertezina baita beren jarduera politikoagatik epaitzea". Azaldu duenez, auzipetuen lotura bakarra politika da.
Gizartearen zati handi bat kriminalizatzeari uzteko eta dena ETA dioen estrategia horrekin amaitzeko eskatu dio Oskar Matute Alternatibako bozeramaileak Espainiako Gobernuari.
Bakearen eta kartzela politika aldatzearen alde "bustitzeko" eskatu dio Rebeka Ubera Aralarreko kidea EAJri. Bestalde, autokritika egiteko eta bakearen eraikuntzaren alde lanean hasteko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa