21:04

Politika

'Parot doktrina'

Ines del Rio aske uztea erabaki du Auzitegi Nazionalak

IKER GOMEZ | EITB.COM

Zigor-arloko Salak aho batez onartu du Ines del Rio ETAko presoa aske uztea, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aztertu ondoren.

0:48
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Auzitegi Nazionaleko Zigor-arloko Salako osoko bilkurak Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren epaia bete eta Ines del Rio ETAko presoa aske uztea erabaki du gaur, iturri juridikoek jakitera eman dutenez. Erabakia aho batez hartu dute areto horretako 17 epaileek, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aztertu ondoren. Ordu eta erdiko bileran hartu dute erabakia.

Estrasburgoko Auzitegiaren epaiaren arabera, Espainiak Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko 7 eta 5.1 artikuluak urratu ditu 'Parot doktrina' baliatuta.

Epaia "irmoa" dela adierazi du Auzitegi Nazionalak, eta erabakia "bete beharrekoa" dela azpimarratu du.

Ines del Riori 3.824 urteko espetxe zigorra ezarri zioten, eta 2008. urteko uztailean aske utzi behar bazuten ere, 'Parot doktrina' aplikatu, eta, horrenbestez, espetxealdia 2017ra arte luzatu zioten. Auzitegi Nazionalaren aginduz, datozen orduetan aterako da Teixeiroko kartzelatik (Coruña), espetxean 26 urte eman ondoren.

Hala ere, Auzitegi Nazionalak Estrasburgok ezarritako 30.000 euroko kalte-ordaina "blokeatzea" eta diru-kopuru hori Del Rioren biktimei ematea agindu du.

Fiskaltzaren eskaera

Erabakia hartzeko, berebizikoa izan da Fiskaltzak Auzitegi Nazionalari bidalitako txostena. Dokumentu horretan, Fiskaltza Del Rio aske uztearen alde agertu da, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak emandako epaia "argia baita urratutako eskubideen ordainean hartu beharreko neurria zein den esaten".

Horrenbestez, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak ahalik eta lasterren aske uztea eskatu du, ebazpenak "ez baitu beste aukerarik eskaintzen", horren ustez.

Erreakzioak

Eduardo Torres-Dulce Estatuko fiskal nagusiak esan du Fiskaltzak banan-banan aztertuko dituela 'Parot doktrina' ezarri zaien presoen kasuak, Estrasburgoko Auzitegiaren epaia aplikatu aurretik.

Torres-Dulceren iritziz, Estrasburgoko erabakiak ez du 'Parot doktrina' zalantzan jartzen, "arau horren atzeraeraginezko izaera baizik". Horrez gain, Ines del Rio presoaren egoeraz ari dela azpimarratu du, eta ez gainerako presoen egoeraz.

Auzitegi Nazionalaren erabakiaren aurrean, "errespetua" agertu du Jorge Fernandez Diaz Barne ministroak, baina 'Parot doktrina', bere iritzian, "bidezkoa" eta "eraginkorra" izan dela azpimarratu du.

Bestalde, Voces contra el Terrorismo plataformak manifestazioa deitu du azaroaren 9rako. Estrasburgoko Auzitegiaren epaia ETAko presoak espetxetik ateratzeko "zurigarri" moduan erabiltzea egotzi dio plataformak Espainiako Gobernuari.

centro penitenciario carcel teixeiro la coruña EFE

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena