20:10

Politika

35/02 auziko epaiketa

Lehen auzipetuek ukatu egin dute ETArekin lotura dutela

Erredakzioa

Auzitegi Nazionalak egunero epaiketara ez joateko baimena eman die sei auzipeturi, gaixorik daudelako edo senideak zaindu behar dituztelako.

1:13
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

¿Ezker abertzalearen aurkako 35/02 auziko makroepaiketak hasiera eman die gaur goizean 36 auzipetuen deklarazioei, aurretiazko kontuak aztertu eta gero.

Deklaratzen lehenak Idoia Arbelaitz, Vicente Enekotegi, Jon Gorrotxategi eta Rufi Etxeberria izan dira. Guztiek ukatu egin dute ETArekin lotura dutela eta 'herriko tabernek' ezker abertzalea finantzatzen zutela.

Rufi Etxeberria

ETAko kide izan denik edo agindurik jaso duenik ukatu du Rufi Etxeberria Batasunako buruzagi ohiak. Iraultza-zerga kobratzeko orduan "inolako" parte-hartzerik izan ez duela erantsi du.

ETArekin sekula kolaboratu ez duela esan du buruzagi historikoak. Batasunako mahai nazionalean ETA ordezkatuz kontrol funtziorik bete ez duela gaineratu du.

Herriko tabernak "Herri Batasunako egoitza sozialak ez" direla esan du Etxeberriak, "herri bakoitzaren tresna sozialak baizik, nahiz eta Herri Batasunarekin harremanak izan".

"Batasunako mahai nazionalak erakunde terroristaren aginduak betetzen al zituen?", galdetu dio bere abokatuak, eta Etxeberriak hurrengoa erantzun du: "Guk beti irizpide propioekin lan egin dugu, une oro eztabaidatu eta erabaki duen zuzendaritza politiko baten kide izan gara".

Jon Gorrotxategi

Bestalde, ETAko kide sekula izan ez dela ziurtatu du Jon Gorrotxategik. Erakundeko kideekin bildu ez dela erantsi du. Alderdiko diru-laguntzak kudeatzen zituela azaldu du. Gehienbat enpresaburuen eta erakundeko publikoen ekarpenak zirela esan du.

Herriko tabernek Batasuna finantzatzen ez zutela adierazi du, baina "bezero gisa" harreman "ona" zutela onartu du.

Tabernen koordinatzailea izan denik ukatu du Idoia Arbelaizek (Herri Batasunako zinegotzia Errenterian). ETArekin "inoiz" harremanik izan ez duela erantsi du.

Auzitegi Nazionalak baimena eman die sei auzipeturi egunero epaiketara ez joateko, gaixorik daudelako edota senideak zaindu behar dituztelako, baina deklaratzera joan beharko dute.

Hain zuzen ere, senideak zaintzeko baimena eman die epaimahaiak Jasone Manterolari eta Esther Agirreri, eta etxean geratzeko baimena, berriz, Jose Luis Francori, Vicente Enekotegiri, Juan Carlos Rodriguezi eta Andres Larreari, gaixorik baitaude.

Azken lau horien kasuan, auzitegiko mediku batek azterketa egin die gaur goizean.

Iraeta eta Egido

Atzoko saioan, bi akusatu epaiketatik kanpo uztea onartu zuen fiskalak, ustez talde terroristako kide gisa egindako delituek preskribatu dutelako. Hala ere, Auzitegiak astelehenean hartuko du behin betiko erabakia.

Epaiketatik kanpo uztea eskatu zuten Josu Iraetak eta Jose Antonio Egidok, eurei egotzitako delituek preskribatu egin dutelako. Izan ere, 2002. urtean ikerketa hasi zenean, hamar urte baino gehiago zeramatzaten gerora legez kanpokotzat jo zituzten talde horiekin harremanik izan gabe.

Fiskalak azalpenak onartu zituen, baina gainerako akusazioak (AVT eta Dignidad y Justicia) aurka azaldu ziren.


Epaiketa, 11 urteren ostean

Fiskaltzak 8 eta 12 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu 36 auzipetuentzat, ETAko kide izatea edo talde armatuarekin kolaboratzea egotzita. Gainera, 110 'herriko taberna'ren arduradunak erantzule zibil subsidiariotzat jo ditu.

Epaiketa ikerketa hasi eta 11 urtera abiatu dute.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena