Itxi

Politika

Polizia operazioa

Herrirako 18 atxilotuak aske, horietatik 4 fidantzapean

Erredakzioa

Atxilotuen abokatuek nabarmendu dutenez, aske daude baina inputatuta daude eta akusazioak oso larriak dira.

1:27

Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Herriraren kontrako operazioan atxilotutako 18 lagunetatik 14 aske utzi ditu, karguekin, eta gainerako 4 lagunak espetxera bidali ditu fidantzapean, baina 20.000 euroko bermea ordainduta aske geldituko dira datozen orduetan.

Goizean aske geratu diren atxilotuak Sergio Labayen, Eneko Villegas, Roberto Noval, Oscar Sanchez, Beñat Zarrabeitia, Ekain Zubizarreta, Eneko Ibarguren, Amaia Esnal, Imanol Karrera eta Fran Balda dira, eta arratsaldean epailearen aurrean deklaratu ostean aske gelditu dira Ibon Meñika, Jose Antonio Fernandez, Gorka Gonzalez eta Ane Zelaia ere . Hala ere, hainbat baldintza ezarri dizkie epaileak: ezingo dute Espainiatik atera, pasaportea kendu diete, eta ezingo dute presoekin zerikusia duten ekitaldietan parte hartu.

Jon Garai, Nagore Garcia, Jesus Mari Aldunberri eta Manu Ugartemendia Soto del Realeko kartzelara eraman dituzte, baina bermea ordaindu dute eta datozen orduetan aske geldituko dira. Horietako bi espetxetik atera dira dagoeneko, Radio Euskadik jakitera eman duenez.

Hala ere, 18 lagunek inputatuta jarraitzen dute eta talde terroristako kide izatea, terrorismoa goratzea eta finantzatzea leporatzen die Eloy Vasco epaileak.

Atxilotuen abokatuek nabarmendu dutenez, atxilotu guztiak aske gelditzen badira ere, inputatuta daude eta akusazioak oso larriak dira.

18 atxilotuetatik 14k goizean deklaratu dute epailearen aurrean, eta arratsaldean igaro dira epailearen aurretik azken laurak.

Goizean epailearen aurretik igaro diren 14 lagunek deklaratzeari uko egin diote, baina ETArekin eta terrorismoarekin zerikusirik ez dutela adierazi dute.

Bestalde, epaileak bere autoan Herriraren kontrako hainbat neurri berretsi ditu, hala nola, Herrirako egoitzak ixtea eta haren jarduera bi urtez debekatzea, hainbat erabiltzaileren twitter kontuak eta web orriak ixtea, bankuen kontuak blokeatuta mantentzea eta atzemandako dirua, 62.000 euro guztira, erretiratzea.

'Gezurrak dira'

Herrira preso eta errefuxiatuen eskubideak defendatzen dituen mugimenduak "oso larritzat" jo du Guardia Zibilak aurreko astelehenean Auzitegi Nazionalak aginduta plataformaren kontra egindako operazioa eta, ziurtatu duenez, "Estatuaren ahultasuna" agerian utzi dute.

Gainera, atxilotuei egindako akusazioak, esaterako, banda armatu bateko kide izatea, terrorismoa goratzea eta diruz laguntzea, "gezurrak" dira.

Baionan egindako prentsaurreko batean plataformako zenbait kidek esan dutenez, operazio honetan "argi geratu da Estatu espainiarrak gatazkaren konponbidea oztopatu nahi duela" eta "gure aldarrikapenak euskal gizarteari aurkezteko dugun gaitasunak (Estatua) beldurtzen duela", gaineratu du.

Guardia Zibilak astelehean burutu zuen operazioa. Irudia: EiTB

Deialdiak

ELA, LAB, ESK, STEE-EILAS, EHNE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek elkarretaratzeak deitu dituzte ostiralerako, 12:00etatik 12:30era, Euskal Herriko lantokietan, "Herrira presoen eskubideen aldeko elkartearen aurkako polizia operazio bidegabearen aurka".

ELAko eta LABeko idazkari nagusiek, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek, "gaitzespen irmoa" erakutsi dute, protesta deitu duten sindikatu guztien izenean, "astelehenean 18 pertsona atxilotzea ekarri zuen erabaki politikoaren aurrean".