21:32

Politika

Nafarroako Kutxa

CAN auzia artxibatu egin du Benito epaileak

Erredakzioa

Auzitegi Gorenak Yolanda Barcina presidentea inputatzea errefusatu eta gero etorri da epailearen erabakia.

1:15
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Mari Paz Benito Iruñeko 3. zenbakiko Instrukzio Epaitegiko epaileak artxibatu egin du Nafarroako Kutxa (CAN) auzia.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak jakinarazi duenez, epaileak errefusatu egin ditu Kontuz elkarteak eta UPyD alderdiak eskatutako eginbideak, eta auzi osoa itxi du, kutxaren agintariek senideei emandako kredituen atala barne.

Uztailean, Espainiako Auzitegi Gorenak baztertu egin zuen Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentea inputatzea, ustezko dieta irregularren auzian.

Erabaki honekin, Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileak Banca Civicaren sorrerari buruz (CAN erakunde horren parte da) abiatu duen auzia baino ez dago zabalik orain.

Maria Paz Benito epaileak Barcina inputatzea eskatu zuen funtzionario-eroskeria ustez egiteagatik, baina Gorenaren epaian oinarrituta (auzia artxibatu zuen uztailaren 24ean, deliturik egin ez zela ulertuta) auzia behin betiko ixtea erabaki du.

Gorenaren epaian, Auzitegiak epailea zuzendu zuen eta delitua izan zitezkeen portaerak (funtzionario-eroskeria) 'moralaren, etikaren edo politikaren' ikuspuntutik gaitzesgarriak izan zitezkeengandik bereizi zituen.

"Barcinaren parte-hartzea batzorde iraunkorrean (Kutxaren batzordean, alegia) ez zuen Nafarroako presidente karguak edo alkate karduak ahalbidetu, baizik eta Entitate Sortzaileen Batzordeak", Gorenaren arabera. Batzorde iraunkorreko kide izateagatik jaso zituen dietak Barcinak.

Auzi horretan, Kontuz elkarteak eta UpyD alderdiak salatutako bi atal geratu ziren epailearen esku: batetik, batzordearen eta Nafarroako Kutxaren batzorde iraunkorraren bileren aktak manipulatzea, eta, bestetik, zenbait senide eta enpresari kredituak ezohiko baldintzekin ematea.

Epailearen ebazpenaren arabera (helegitea jarri ahal zaio), Gorenak ez zuen beharrezkotzat jo akten balizko manipulazioaren txosten bat egitea (Guardia Zibilari eskatu zion); izan ere, Gorenak ez du epaian aipatu ere egiten.

Kredituei dagokienez, auzia artxibatu egin du epaileak eta dokumentazio guztia Madrilgo 6 zenbakiko Epaitegi Zentralera igorriko dio. Epaitegi hori Banca Civicaren sorrera eta burtsan sartu zeneko prozesua ikertzen ari da.

Dieten auzian, epaileak Miguel Sanz presidente ohia; Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohia; Enrique Maya Iruñeko alkatea eta Enrique Goñi Nafarroako Kutxako zuzendari ohia inputatu zituen. Horiek denek, Barcinarekin batera, Nafarroako Kutxako Entitate Sortzaileen Batzordea osatzen zuten.

 

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena