Politika
Guardia Zibilaren operazioa
Erredakzioa
Jesus Eguiguren PSEko presidentearen hitzetan, atxiloketak "Gobernuaren probokazioa" dira. Operazioa "normalkuntza politikoaren kontrako erasoa da", EH Bilduren ahotan.
Albisteak (3)
Bideoak (1)
Herrira presoen elkartearen aurkako operazioa "albiste txarra eta atzerapausoa da", adierazi du Josu Erkoreka (EAJ) Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Erkorekaren esanetan, operazioak "iraganeko garai gaindituak" gogorarazten ditu.
Bozeramailearen hitzetan, euskal gizarteak Herrirako kideen atxiloketak "ez ditu ulertzen", eta "aurrerapausoak" espero dituela erantsi du.
Horren harian, "atzerapenik gabe" armak entregatu eta desegiteko eskatu dio Erkorekak ETAri. "Estatuko botere zentralei", berriz, "erantzukizunez eta neurria emanez jokatzeko" eskatu die Jaurlaritzako bozeramaileak.
EAJ
Atxiloketak eta ETAren azken agiria "Euskadiko bake prozesua sendotzeko itxaropenetan atzerapauso kezkagarria dira", EAJren esanetan. "Inboluzioaren" aurrean, "politikoki antolatutako ezker abertzaleari aldebakarreko pausoak ematen jarraitzeko" eskatu dio EAJk, "bake prozesuaren blokeoa desegiteko".
EH Bildu
Operazioa "normalizazio politikoaren aurkako erasoa eta bake prozesuan aurrera egiteko oztopo berri bat da", azaldu du Julen Arzuaga EH Bilduko legebiltzarkideak. "Erasoaren tamainako erantzuna herri gisa" bilatuko dutela erantsi du Arzuagak.
PSE-EE
Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentearen hitzetan, atxiloketak "Gobernuaren probokazioa" dira. Era berean, Jaurlaritzaren "pasibotasuna" kritikatu du. Bere blogean argitaratutako artikulu labur batean, Eguigurenek operazioa "astakeria juridiko eta politikoa" dela salatu du.
Nafarroa
Herrira desegitea "normaltasun demokratikoaren erakusgarri da", Nafarroako Gobernuaren iritzian, eta "ETAren behin betiko porrota" lortzeko beste pauso bat dela erantsi du. Zuzenbidezko estatu batek "ezin ditu biktimak beheratzeko eta terrorismoa justifikatzeko ekimenik onartu", gaineratu du. Nafarroako Bilduko eta Aralarreko bozeramaileek, berriz, gaitzetsi egin dituzte atxiloketak. UPNk eta PSNk, ostera, Estatuko Segurtasun Indarren ekintzen aurrean errespetua agertu dute.
Mobilizazioak
Euskal eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik agerraldia egingo dute astearte honetan, Bilbon, mobilizazioak deitzeko, Sortuk iragarri duenez. Prentsaurrekoa Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean egingo dute, 11:30ean.
Sindikatuak
ELA sindikatuak salatu egin ditu atxiloketak. Poliziaren operazioak presoen "eskubideen defentsa kriminalizatu" nahi duela adierazi du sindikatu abertzaleak.
Espainiako Gobernuak presoen eskubideen defentsa "isildu" eta "oztopatu" nahi duela salatu du LABek.
Lokarri
Lokarrik operazioa "irmo" gaitzetsi du. Lokarriren hitzetan, Herriraren aurkako akusazioa mantentzerik ez dago; izan ere, "elkartea pertsona guztien giza eskubideak errespetatzearen alde argi eta garbi azaldu da, eta bakegintzaren aldeko apustua egin du".
Dignidad y Justicia
Bestalde, Dignidad y Justicia elkarteak Guardia Zibila zoriondu du, "Herriraren etengabeko zigorgabetasuna eragozteagatik". Elkartearen ustez, "Herrirak ETAko hiltzaileak heroi gisa goraipatu ditu eta horrek atsekabe handia sortu du".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa