Politika
Desarmatzea
C.B/I.H
Erredakzioa
ETAk desarmatzearen bidean laster pausoak emango dituen itxaropena du bitartekari taldeak. Oraingoz, egiaztatzaileek ez dute Euskadira bidaiatzeko datarik.
Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeko Nambiar, Manikkalingam eta Ravenbergen. Argazkia: EFE
Informazio gehiago (1)
ETAk jarduera armatua behin betiko amaitu zuela iragarri ostean irekitako prozesua gainbegiratzen ari den aditu taldeak, hots, Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak, ETAk laster pauso berriak emango dituen itxaropena du. Urrats horiek egungo impasse egoera gainditzeko eta bidean aurrera egiteko balioko dutela uste dute.
EiTBk bake prozesuaren garapena gertutik jarraitzen ari diren iturriekin hitz egin du, eta horien arabera, ETAk armak entregatzeko pausoak eman ditzakeela uste du Nazioarteko Egiaztatzaile Batzordeak. EiTBk jakin duenez, egiaztatzaileek datozen hilabeteetan ere beren zereginak eta funtzioak egiten jarraituko dutela dioen mezu bat jaso dute. Hala ere, kontsultatutako iturrien arabera, prozesua ez da berehalakoa izango, eta hainbat hilabetez luza daiteke. Ram Mannikalingam holandarra buru duen egiaztatzaile taldeak iraila jarri zuen ikuskaritza lanekin jarraitzen zuten ala ez erabakitzeko muga gisa.
Prozesuan aurrerapausorik ez balego, beren egitekoarekin amaituko zutela eta prozesuaren jarraipena egiteari utziko zietela ohartarazi zieten egiaztatzaileek agente ezberdinei.
Kartzela politika aldatzeko eta ETArekin negoziazio prozesua hasteko hainbat eragilek Espainiako Gobernuari egindako deiek ez dute erantzunik izan, eta horrek agerian utzi du Madrilek ez duela pausorik emateko asmorik, ETA behin betiko desegiten ez den bitartean behintzat. Ezker abertzaleko hainbat sektoreren iritziz, inmobilismo horren aurrean ezinbestekoa da alde bakarreko pausoak ematea.
Partaideak "lanean ari dira eta euren kontaktuei eusten diete", horien lana ezagutzen duten iturriek nabarmendu dutenez. Hala ere, horien jardueraren inguruan hermetismo handia dago. Oraingoz, egiaztatzaileek ez dute zehaztu noiz egingo duten hurrengo bisita Euskadira.
Egiaztatzaile taldearen eginbeharretako bat ETAren desarmatze prozesua gainbegiratzea izan da, eta azken bi urteetan hainbat aldiz izan da taldea Euskadin, agente politikoekin eta euskal erakundeekin bilerak egiteko. Desarmatzea iragarri eta hiru hilabetera, ETArekin bilerak hasi zituela baieztatu zuen egiaztatzaile taldeak. Arduratuta mintzatu ziren nazioarteko adituak ETAko kideek armak zituztelako, eta horrek Poliziarekin enfrentamenduak izateko arriskua areagotzen zuelako. Hala ere, hilabete batzuk geroago, ETA desarmatzeaz hitz egiteko prest agertu zela baieztatu zuten.
ETAko hainbat kide Norvegiatik kanporatu izana, (tartean Jose Antonio Urrutikoetxea, Josu Ternera) Espainiako Gobernuak elkarrizketarekin ez jarraitzeko mezu gisa ulertu zuten. Blokeo egoera horretan, Lokarrik Gizarte Foroa bultzatu zuen, eta hainbat ondorio atera zituzten: ETAri armak entregatzea eta barkamena eskatzea eskatu zioten eta Espainiako Gobernuari kartzela-politika aldatzea.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa