00:17

Politika

Masen adierazpenen ondoren

Galdeketa 2014rako aurreikusita dagoela gogorarazi dio ERCk Masi

Erredakzioa

Galdeketa ''bai edo bai'' 2014an egingo dela ziurtatu du, baina ez du CiUrekin adostutako ituna apurzeko aukera aintzat hartzen.''Ituna osasuntsu dago'', gaineratu du.

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Kataluniako autodeterminazioaren inguruko galdeketa ''bai edo bai'' 2014an egin behar dutela gogorarazi dio ostegun honetan Esquerra Republicana de Catalunyak (ERC) Artur Masi, Generalitateko presidenteak gaur bertan egindako adierazpenen ondoren. Izan ere, Estatuak autodeterminazioaren kontsulta baimendu ezean, 2016an plebiszitu-hauteskundeak deituko dituztela aurreratu du presidenteak.

Lluís Salvadó ERCko idazkari nagusiaren albokoak azpimarratu duenez, ez da garaia 2014tik aurrerakoaz hitz egiteko: ''Ez dauzkagu 2015tik eta 2016tik aurrera egingo duguna erabakitzeko beharrezko aldagaiak'', esan du.

Halaber, Alfred Bosch ERCk Kongresuan duen bozeramaileak aurreratu bere alderdia ''eskura'' duen guztia ''eta zertxobait gehiago'' egingo duela galdeketa 2014an egin dadin.

Radio Euskadiko ''Ganbara'' saion egin duen elkarrizketa, Boschek esan du 2014ko datak ez duela zertan aldatu. ''Idatzita dagoena idatzita dago. Eta sinatutakoa ere sinatuta dago. Orain arte hori guztia betetzen ari da'', gaineratu du. ''Herritarrek hauteskundeetan emandako agindu bati erantzuna dela uste dugu, eta ez dugu inongo zalantzarik agindu hain garrantzitsu bat bete gabe uzterik ez dagoenik'', esan du.

Ez dute ituna apurtzea aintzat hartzen

Desadostasunak desadostasun, ERCk azpimarratu du CiU-ERC legegintzaldi ituna ez dagoela arriskuan: ''Ez gaude, inondik inora ere, harreman krisi batean. Ituna osasuntsu dago'', esan du Salvadók.

Halaber, 2014ko Aurrekontuen negoziazioa subiranotasun prozesutik banandu du ERCk. ''Ez ditugu data eta galdera Aurrekontuetara lotzen'', gaineratu du Salvadók. ERCko kideak, baina, galdeketaren data eta galdera aurten itxi behar dituztela gogoratu du.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena