Politika
Luis Barcenasen profila
Erredakzioa
Mendizale porrokatua eta PPko diruzain ohia, bere bizitzako mendirik zailena igotzea egokitu zaionean, lehendabiziko saiakeran, amildegira erori da; ekainaren 27tik Soto del Realgo espetxean dago.
Kanadara egindako bidaia baten ostean, Barcenasek kazetariei zuzendutako keinua
Inondik ere, irudi prestua zaindu nahi duen gizona. Horregatik, joan den uztailaren 15ean, Pablo Ruz epailearen aurrean deklaratzeko eskatu omen zuen lehendabiziko gauza gorbata bat izan zen. Ahalegin guztiak egin arren baina, azken lau urteotan, goitik behera aldatu da Luis Barcenasen irudia: Alderdi Popularreko gizonik boteretsuenetakoa izan zena, alderdikideen babesik ere ez duen preso bat da, egun.
Traje dotorea soinean, eskuburdinak jarrita, Barcenasek epailearen aurreko jardunari ere, harro ekin dio: erasorako armak bailiran, dokumentuz betetako bi kutxa eta pendrive bat erabili ditu bere deklarazioan, eta ozen aitortu du argitara eman diren paper sekretu guztietan agertzen den idazkera bere-berea dela. Alegia, Alderdi Popularrak 'B kontabilitatea' zuela ustez frogatzen duten paperak berak eskuz idatzitakoak direla.
Gainsoldaten afera egunkarien azaletan argitaratzen hasi zenetik, alderdiarekin zituen lotura guztiak bertan behera uzten joan da Barcenas. Urte asko eman ditu lanean alderdiaren diruak eta kontuak zaintzen. 2004an PPko senatari hautatu zuten Kantabriako erkidegotik, lurralde horrekin inolako loturarik ez zuen arren. Lau urte beranduago, alderdiko diruzain izendatu zuten, Alvaro Lapuertak kargu hori utzi eta gero.
Enpresa Zientziatan lizentziaduna eta mendizale porrokatua, luxuaren aparretan bizi izan da, baina azken lau urteotan epaitegiak eta epaileak bihurtu dira bere eguneroko ogi. Barcenasek Gürtel auzian zerikusia duen zantzu argiak ikusi zituen Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzak, 2009an, eta kasua Auzitegi Gorenaren esku geratu zen. Ordutik, bere bizitzako gailurrik zailena igotzea egokitu zaio, eta amildegira erori da bere lehendabiziko saiakeran; ekainaren 27tik Soto del Realgo kartzelan dago, epaileak hala aginduta.
Rosalia Iglesiasekin ezkonduta eta bi semeren aita, PPren diruzain ohia Huelvan jaio zen duela 57 urte. Alderdi Popularrera iritsi zenean ondasun handirik ez omen zuen, baina alderdian lanean hasi zenetik, diru asko, ikaragarri, pilatzea lortu du. Suitzan atzeman dizkioten 47 milioi horietaz haratago omen doa gizon honek gordeta duen dirutza.
Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak lotu zuen Barcenas Gürtel auziarekin, orain lau urte. Ondorioz, diruzain kargua utzi zuen Barcenasek. Hasieran, alderdikideen babesa jaso zuen, baina ikerketak aurrera egin ahala, eta batez ere, El Pais 'Barcenasen paperak' argitaratzen hasi zenetik, PPk bizkarra eman dio bere diruzaina izandakoari. Eta PPk 'B kontabilitatea' zuela El Mundo egunkariari aitortu zionetik berriz, alderdiaren babes osoa galdu zuen Barcenasek.
Korapilo guzti honen erdian, hala ere, Barcenasek lepoari tente eutsi dio; Kanadara egindako bidaia batetik bueltan, aireportuan zain zituen kazetariei erdiko behatza atera zieneko argazkia, esaterako, oso esanguratsua izan da.
Gurdiari tiraka ibiltzea baino, gurdiaren gidari izan nahi du beti. Kontrolarekin itsututa bizi omen da. Bere abokatuei ere ez die informazio guztia pasatzen, epailearen aurrean kontrol osoa berak izan nahi duelako. Berak erabakitzen du non eta zer kontatu. Eta argi dago, oraingo honetan, edozer kontatzeko prest dagoela. Kartzelan ere, dagoeneko, harremanetarako dituen dohainak erakusten ari omen da.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa