11:18

Politika

Elkarrizketa

Margarita Uria: 'Herriko tabernen epaiketak zentzu galdu du'

Manu Gimenez/eitb.com

BJKNko kideak salatu du prozedura judizialak epaitzen dena gertatu eta "askoz beranduago" hasten direla, eta horrek "zentzua" kentzen diola epaiketari.

  • Margarita Uria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea.

    Margarita Uria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kidea. Argazkia: Efe

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Margarita Uria Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiko kideak pentsatzen zuen Auzitegi Konstituzionalak Arnaldo Otegi eta 'Bateragune auziko' gainerako auzipetuak "askatzearen aldeko apustua egingo zuela". Hala ere, oraindik "irtenbidea" badagoela eta hori "auzia lehenbailehen argitzea" dela gaineratu du.

Urriaren 17an hasiko den 'Herriko tabernen' auziko epaiketari dagokionez, instrukzioa hasi eta 11 urtera hasiko dela gogorarazi du. Diputatu ohi jeltzaleak Justiziaren "moteltasuna" kritikatu du, "duen gaitz nagusia" delako, eta epaiketari "zentzu handia" kentzen diolako.

'Egunkaria auzia' izan du hizpide Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, eta azaldu duenez, "zigor arloan garrantzia handia edukiko zuela zirudien, pertsona askori askatasuna kendu zieten eta egunkari bat itxi zuten", baina "azkenean, dena absoluzioekin amaitu da".

Hori dela eta, "epaitzen den gertakaritik ahal duen azkarren egin behar du lan Justiziak, baina kontrakora ohitu gara". "Lehenengo albisteak alarma guztiak pizten ditu, baina 10 urtera oso desberdina da emaitza", gaineratu du.

Auzitegi Konstituzionala berritzea

Uriak baieztatu du "ziurrenik" kiniela guztiak beteko direla eta Konstituzionalean sartuko diren lau epaile berrietatik hiru kontserbadoreak (Espainiako Gobernuak aukeratutako bi eta BJKNk aukeratutako bat) eta aurrerakoi bat (BJKNk aukeratua) izango direla, nahiz eta etiketa horiek jartzea ez gustatu eta nahiago izan "bakoitzaren balantze pertsonala aintzat hartu".

Diputatu ohiak azaldu duenez, epaile berri bat aukeratzeko "askatasunekiko eta eskubideekiko sentsibilitate berezia" izatea da beretzat garrantzitsuena. "Euskal herritarra izanda, Estatuaz duen iritziari ere garrantzia handia ematen diot, Espainiako Estatua anitza dela eta ez dela zentralista pentsatzea", gaineratu du. Izan ere, "ezaugarri horiek oso garrantzitsuak iruditzen zaizkio "kontzertuaren blindajeaz, estatutuez, eta abarrez" ebatzi behar dutenean.

Tasa judizialak

Bestalde, tasa judizial berriak kritikatu ditu, zeren "lehen eskatzen ez zen diru bat eskatzen den momentutik, argi dago" pertsona batzuek ezin izango dutela Justiziara jo eta tasa horiek Justiziara jotzeko asmoa zutenak "atzera botatzen" dituela.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena