Politika
Dokumentazioa
DAVID PEREZ | eitb.eus
Ezker abertzaleko buruaren ibilbideak hainbatetan egin du topo justiziarekin. Halaber, hiru saiakera handi egin ditu euskal gatazkari behin betiko konponbidea emateko.
Arnaldo Otegi. EiTB
Arnaldo Otegi Mondragon (Elgoibar, 1958ko uztailak 6) ikurra da ezker abertzalearentzat, haren buruzagi eta negoziatzaile nagusia, egunetik egunera legebiltzarkide ezezaguna izatetik buruzagi eta bozeramaile nagusi izatera pasatutakoa.
Ezker abertzalea indarkeriatik aldentzea lortu duen buruzagia da. Gainerako alderdiek ETAren aurrean "epela" izatea eta erakunde terroristaren aginduak betetzea leporatu diote.
Ibilbide politikoan, hiru saiakera egin ditu euskal gatazkari konponbide politikoa eta negoziatua emateko: Lizarrako Akordioa eta ETAren 1998ko su-etena, 2006ko bake-prozesua eta ezker abertzalearen estrategia aldaketa 2009tik aurrera.
Auzitegietan ere bide luzea egin behar izan du, orotara bost aldiz espetxeratu baitute.
Herri Batasuneko bozeramaile zela. EiTB
Gaztaroa, ETAn
Ezker abertzalearen burua izan baino lehen, Otegik gatazkaren 'beste aldea' ezagutu zuen. 1977an, 19 urte baino ez zituela, ETA politiko-militarreko kide egin zen, eta ETA militarrera pasatu zen 1981ean.
Handik zortzi urtera, 1989an, akusatuen eserlekuan eseri zen lehen aldiz; etorkizunean hainbatetan errepikatuko zen irudia.
Urte horretan, Javier Ruperez UCDko parlamentario ohia bahitzea egotzita epaitu eta absolbitu zuten, baina lehen zigorra hilabete gutxiren buruan etorri zitzaion: sei urteko espetxe zigorra, Luis Abatua enpresaburuaren bahiketan parte hartzeagatik. Zigor erdia bete zuen.
Lehen urratsak politikan
Politikaren munduan barrena, Otegik oso epe laburrean hartu zuen ezker abertzalearen gidaritza, hainbat karanbolaren ondorioz batik bat: 1995ean egin zen legebiltzarkide, epaileek Bego¿rrondo parlamentario alderdikidea espetxeratu eta gero, eta bi urte baino ez igarota, 1997an, Mahai Nazional osoa kartzelatu zutenean alegia, Herri Batasuneko bozeramaile nagusi bihurtu zen.
Eusko Legebiltzarrean aritutako lehen bi urteetan, Otegi parlamentario ezezaguna zen, oihartzun gabekoa. Ospea Ganberan Juan Mari Atutxa Herrizaingo sailburuari aurre eginez irabazi zuen. Bien arteko tirabirak ugariak izan ziren, Atutxak begiradan "gorrotoa" izatea leporatu zionekoa, kasu. Otegiren erantzuna, trebea: "Nik ez zaitut gorroto; zuk ni, seguru baietz".
Lizarrako Akordioa, lehen arrakasta
Arrakasta azkar heldu zitzaion. Ezker abertzaleko agintea hartu eta urtebete eskasera, Lizarrako Akordioa sinatu zuen, ETAk tregoa "mugagabea" iragarri zuen, HBk (Euskal Herritarrok izenarekin jada) bere historia osoko emaitza onenak lortu zituen 1998ko hauteskundeetan, eta EAJrekin eta EArekin ituna sinatu zuen Juan Jose Ibarretxe lehen aldiz lehendakari izateko.
Garai horietan, "euskal Gerry Adams" ezizenaz deitu zuten hainbat sektoretatik.
Arrakastak, baina, laster egin zion ihes. 1999ko azaroaren 28an, ETAk amaitutzat eman zuen tregoa, eta Otegiren distira ilundu egin zen. Garesti ordaindu zuen: sinesgarritasuna galdu zuen, ETAren aginduetara egotea leporatu zioten, ezker abertzale barruan indarkeria gaitzestaren aldekoak zirenak Aralar alderdi berrian bereizi ziren eta EHk eserlekuen erdiak galdu zituen 2001eko hauteskundeetan.
Joseba Egibarrekin (EAJ), Lizarra-Garaziko akordioaren garaian. EiTB
Anoetako Adierazpena eta 2006ko bake-prozesua
Testuingurua azal dezagun: 2001 urte zen, garai ilunak ezker abertzalearentzat. Jose Maria Aznarrek (PP) gehiengo osoz gobernatzen zuen Moncloan, PSOEk eta PPk Terrorismoaren aurkako Ituna sinatu berri zuten eta Alderdien Legea heltzear zegoen (2002an). Giroa ez zen aproposa Otegirentzat, baina, hala ere, Jesus Eguiguren PSE-EEko presidentearekin Elgoibarreko Txillarre baserrian batzartzen hasi zen, sekretuan eta norbera bere izenean. Sukalde lanak ziren, nolabait.
Zeregin horretan bost urte eman zituzten, eta uzta 2006an jaso zuten, bake-prozesua "ofizialki" abiatu zenean.
Bi urte lehenago, 2004an, Otegi "olibondo adarra eskuan" agertu zen Anoetako Belodromoan, eta elkarrizketa politikoa eta "teknikoa" (ETAren indarkeria) bereizi egin behar zirela aitortu zuen lehen aldiz. "Bi mahaien" metodologia zen hura: lehenengoan alderdi politikoak elkartu behar ziren, politika hizpide, eta bigarrenean ETA eta Espainiako Gobernua, "desmilitarizazioa" eta presoak oinarri.
Anoetako Adierazpena aurkezten, 2004ko azaroaren 14n. EiTB
Otegik eta Eguigurenek ezkutuan egindako lan horren ostean, ETAk "su-eten iraunkorra" iragarri zuen 2006ko martxoan. Otegi eta Alderdi Sozialista elkar ulertzen hasi ziren, eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako gobernuburuak (2004an ezustean irabazi zituen hauteskundeak) Batasuneko bozeramailea "bake gizona" dela esan zuen. Otegiren distira bizitu egin zen berriz.
Bake-prozesuak aurrera egin zuen. Espainiako Gobernua ETArekin batzartu zen Genevan (Suitza) eta Oslon (Norvegia) eta, aldi berean, Otegi eta beste zenbait buruzagi abertzale EAJrekin eta PSE-EEren bildu ziren Loiolako santutegian. Aurre-akordioa ere sinatu zuten.
Idatziak defendatzen zuen euskal nortasun nazionala aitortu eta Estatuko erakundeek euskal herritarren erabakiak errespetatu behar zituztela. Bakea eta gatazkaren amaiera inoiz baino hurbilago zeuden.
Nolanahi ere, gauzak okertzen hasi ziren. Akordioa ia itxita zegoenean, Batasunak azken orduko proposamen berriak aurkeztu zituen, eta EAJk eta PSEk onartezintzat jo zituzten. Negoziazioak porrot egin zuen, azken hamarkadetan enegarren aldiz.
Jeltzaleek eta sozialistek ez zuten zalantzarik: ETAk akordioari 'ezetz' esan ziolako egin zuen mugimendua Batasunak. Otegik, ordea, argudiatu zuen ezker abertzaleak berme gehiago lortu nahi zituela hori eginez.
Bake-prozesua ez aurrera ez atzera zegoen, edo hobe esanda, atzera egiten ari zen, aurrera baino. Eskuineko hedabideen eta alderdien presioa inoiz baino handiagoa zen, eta elkarrizketa blokeoa ezin konpondu zegoen. Negoziazioaren partaideek, gainera, elkarri leporatzen zieten porrota jendaurrean.
Ibarretxe lehendakariarekin. EiTB
Testuinguru horretan, 2006ko abenduaren 30ean, Otegi eta Eguiguren oraindik ere egoera salbatzen saiatzen ari zirela, ETAk bonba-autoa zartarazi zuen Barajaseko (Madril) aireportuan, su-etean indarrean zegoela. Carlos Alonso Palate eta Diego Armando Estacio ekuadortarrak hil egin ziren.
ETAn eraginik ez zuen buruzagiaren irudia izan zuen berriro Otegik.
Erakunde armatuak 2007ko ekainaren 5ean iragarri zuen, ofizialki, su-etenaren amaiera, eta hiru egunen ostean, kartzelatu egin zuten Otegi, 15 hilabeteko espetxe zigorra bete zezan. 2003an, Argalaren aldeko omenaldi batean, terrorismoa goratzea egotzi zioten.
Kartzelan zegoela, Otegik politika utzi zuela publikatu zuten hainbat hedabidetan. ETAk baztertu egin zuen, informazio horien arabera. Batasuneko bozeramailea Batasuneko bozeramaile ohi gisa aipatzen hasi ziren.
Indarkeriatik urruntzeko prozesua
Otegik, alabaina, ez zuen utzi politika. 2008ko abuztuaren 30ean espetxetik atera zenean, ezker abertzalea bake-prozesuaren porrotak lur-jota zegoen eta ekimen politikoak abiatzeko ahalmena oso mugatuta zuen, buruzagi gehienak espetxean baitzeuden.
Orduan, Otegik eta Rafa Diez LABeko idazkari nagusi ohiak, ezker abertzalearen historian lehen aldiz, indarkeriatik aldentzeko barne eztabaida sustatu zuten. Hau da, "estrategia politiko-militarretik" estrategia politiko hutsera jauzi egiteko prozesua abiatu zuten.
2009ko urrian, hausnarketon emaitzak txosten batean bildu, eta militanteekin eztabaidatzen hasi ziren, herriz herri. Txosten horrekin, "soilik bide politikoen eta demokratikoen alde" egiteko apostua barneratzen saiatu ziren.
Publikoki barne eztabaidaren hasieraren berri eman baino lehen, 2009ko urriaren 13an, baina, atxilotu egin zituzten Otegi eta Diez, LABen Donostiako egoitzan. Bateragune auziaren hasiera izan zen hura.
Operazio horretan, orotara 10 pertsona atzeman zituzten (bi deklaratu ostean utzi zituzten aske), ETAk aginduta Batasuna berriz osatzen saiatzea leporatuta.
Hurrengo hilabeteetan, Otegik espetxetik jarraitu zuen hark hasitako prozesuaren garapena: "Zutik Euskal Herria" txostenaren aurkezpena (prozesua indarkeriarik gabe gauzatu behar dela dio), Eusko Alkartasunarekin sinatutako itun estrategikoa eta Gernikako Akordioa (ETAri su-eten iraunkorra eskatu zioten, armak behin betiko uzteko "borondate" adierazpen gisa). ETAk 2011ko urtarrilaren 10ean erantzun zuen, "su-eten iraunkor, orokor eta egiaztagarria" iragarrita. Lau hilabete lehenago, 2010eko irailaren 5ean, "eraso ekintza armatuak" bertan behera uztea erabaki zuela aurreratu zuen.
Bateragune auziko epaiketan. EiTB
2011ko ekainean, Otegi eta beste zazpi pertsona, tartean Rafa Diez, epaitu egin zituzten Bateragune auziaren baitan. Batasuneko bozeramaile ohiarentzat, bere 'ibilbide orria'ren sinesgarritasuna frogatzeko aukera paregabea zen.
Hori horrela, irmo mintzatu zen epaileen aurrean: "ETAren indarkeria soberan dago eta oztopo da"; "ETA indarkerira itzultzea suizidio politikoa litzateke ezker abertzalearentzat"; "ETAk uste du indar abertzaleen batasuna aldi berean borroka armatuari eutsita lor daitekeela, baina guk ez"; "Su-eten partzialen estrategiek ez dute balio"; "Indarkeriak, arazoak konpondu beharrean, enkistatu eta zaildu egiten ditu"...
Angela Murillo epailea presidente zuen epaimahaiak, baina, ez zituen kontuan hartu deklarazio horiek ezta ezker abertzale politikoak, militanteek babestuta, indarkeriaren amaiera ekarri nahi zuela egiaztatzen zuten frogak ere, eta 10na urteko espetxe zigorra ezarri zien Otegiri eta Diezi, ETAko buruzagi izatea egotzita. "Borroka armatua" atzean uzteko prozesua Batasuna berriz eraikitzeko prozesua zela eta hori ETAk agindu zuela interpretatu zuten epaileek. Hor kontraesana: ETAri indarkeriaren amaiera inposatzeko prozesua zena ETAk aginduta egin zutela ebatzi zuen Auzitegi Nazionalak.
Oztopoak oztopo, ETAk indarkeriaren behin betiko amaiera iragarri zuen 2011 urriaren 20an. Zazpi hilabeteren ostean, Otegik espetxean jarraitzea erabaki zuen Auzitegi Gorenak, zigorra 6 urtera jaitsita.
Espetxe osteko erronkak
Zigorra beteta, Arnaldo Otegi 2016ko martxoaren 1ean aterako da espetxetik. Herrialdea zeharo aldatu da duela sei urte eta erdi kartzelatu zutenetik. Hala ere, oraindik ere lan andana izango du egiteko: ezker abertzalea krisian dago, boto-emaile ugari galdu baititu azken hauteskundeetan; lehiakide berria du espazio politiko ezkertiarrean (Podemos); eta Sorturen ildo ofizialarekin ados ez dagoen eta "borroka armatua" defendatzen duen sektore minoritario batek ATA, IBIL eta antzeko talde disidente batzuekin bat egin du.
Gainera, askok espero dute Otegiren itzulerak ETA desegiteko prozesua bizkortzea, une honetan armak eta armategiak suntsitzeko prozesu motel batean murgilduta baitago.
Epe laburrera begira, erronka politiko behinena Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira Sortuko idazkari nagusia izango denarentzat. Auzitegi Nazionalak gaitasungabetze berezia ezarri zion kargu publikorako, baina ezker abertzaleak uste du posible izango duela Lehendakaritzarako hautagai izatea, epaiak ez zuelako zehazten zer kargu publiko debekatuta duen.
Horren ildotik, Sortuk gogorarazi du Iker Casanova ere baldintza berberetan gaitasungabetu zutela, baina egun arazo barik legebiltzarkide dela.
Estrategia "politiko-militarra" atzean utzi eta gero, ezker abertzalea estrategia egokitzen ari da une honetan, Abian hausnarketa prozesuaren baitan. Testuinguru horretan, "transatlantikoa" biratzeko eta gidatzeko ardura izango du berriz Arnaldo Otegik.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa