Politika
CANeko dieta irregularrak
Erredakzioa
Nafarroako Kutxako zuzendari ohiak lau orduz deklaratu du epaile aurrean. CANeko dieten inguruan ''ez dago ez auzirik ez kasurik'', esan du deklarazioa bukatu ondoren.
Albisteak (4)
Informazio gehiago (2)
Enrique Goñi Nafarroako Kutxako (CAN) zuzendari ohiak auzia artxibatzea eskatuko du, ''dena erabat legala zelako''. Hala iragarri du, finantza erakundeak emandako ustezko dieta irregularren auzian Iruñeko 3. instrukzio epaitegian inputatu gisa lau orduz deklaratu ondoren.
Agerraldia bukatuta, adierazpen laburra egin du bertan bildutako kazetarien aurrean, eta ikerketa horretan ''ez auzirik ez kausarik'' ez dagoela azpimarratu du.
Hala, Nafarroako Kutxako kudeaketaren inguruan epaileak Espainiako Bankuari eskatutako txostenak jaso bezain laster auzia artxibatzea eskatuko duela aurreratu du Goñik, ''kutxaren inguruko jarduera guztia erabat legalako'', horren hitzetan.
Nafarroako Kutxako auzian gertatutakoa etikoa izan ote zen ere galdetu diote Goñiri. ''Legala; legalitatearen esparruan gaude'', erantzun du zuzendari ohiak.
Kontuzen protesta
Goñik kazetarien aurrean egindako adierazpenaren ondoren, Javier Ayestaran Kontuz elkarteko bozeramaileak ere hitz egin du. Kutxari zegozkion kontu guztietan ''estatutuek ezarritakoa betez'' jokatu zutela berretsi du zuzendari ohiak epaile aurrean, Ayestaranek azaldu duenez. ''Dena egokia zen, ez zen inongo arazo legalik egon eta dena ondo joan zen'', azpimarratu du Goñik epaile aurrean, Kontuzen hitzetan.
Halere, zuzendari ohiaren azalpenek ''ez dute batere ase'' elkartea, Ayestarenen hitzetan, eta, ondorioz, auziak aurrera egitea defendatuko dutela iragarri du.
Goñi 09:20an iritsi da Justizia Jauregira, abokatuarekin batera. Bertan, Kontuz elkarteak oihuka egin dio harrera. Besteak beste, "lapurra" eta "bizizalea" deitu diote.
Epailearen azalpenak
Epaileak CANen estatutuetan aurreikusita ez zeuden dietak "ematea edo baimentzea" egotzi dio Enrique Goñiri. Hain zuzen ere, "Nafarroako Gobernuko presidenteari, Iruñeko alkateari eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariari" eman zizkieten dieta horiek.
Hasiera batean, Goñik hilaren 24an deklaratu behar zuen, baina epaileak atzeratu egin zuen zitazioa.
Auzi honetan, Miguel Sanz Nafarroako Gobernuko presidente ohiak, Enrique Maya Iruñeko alkateak eta Alvaro Miranda Ekonomia kontseilari ohiak ere deklaratu dute, inputatu gisa.
Hiru horiek CANeko Batzorde Iraunkorra osatzen zuten, Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko presidentearekin batera, baina azken hori ez dago inputatuta. Izan ere, Auzitegi Gorenak baino ezin du hori egin, Barcina forupekoa delako.
Instrukzio-epaileak CANeko Erakunde Sortzaileen Batzordeko kide ziren UPNko eta PSNko sei goi-kargudun ere galdekatu ditu, lekuko gisa. Batzorde Iraunkorra existitzen zela hedabideen bidez jakin zutela deklaratu zuten horiek.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa