Politika
Eztabaida
Erredakzioa
PSE-EEk, PPk eta UPyDk ebazpenaren alde bozkatu dute. EH Bilduk, berriz, kontrako botoa eman du, eta EAJ abstenitu egin da.
Albisteak (2)
Informazio gehiago (1)
Euskal Herrian eta Espainiako Estatuan "preso politikorik" ez dagoela dioen ebazpen bat onartu du Eusko Legebiltzarrak. Testu horrek "erabat" errefusatzen du "preso politiko" esamoldearen erabilera ETAko presoentzat.
PSE-EEk eta PPk sinatutako zuzenketa transakzionala da onartutako ebazpena, eta UPyDk bat egin du testuarekin.
EH Bilduk kontrako botoa eman du, eta EAJ abstenitu egin da, gai horiek Legebiltzarreko Bakerako eta Bizikidetzarako lantaldean eztabaidatu behar direla iritzita.
Alderdien arteko eztabaida sutsua izan da Legebiltzarrean, eta presoak izendatzeko hainbat esamolde erabili dituzte: "hiltzaile hutsak", "motibazio politikoko presoak", "askatasunaren aldeko borrokalariak", etab.
Onartutako ebazpenean agertzen denez, ETAko presoak "Zigor Kodean dauden delituengatik" daude kartzelan, eta euskal herritarrak eta espainiarrak "herritarren eskubideak eta askatasuna erabat bermatzen duen" Zuzenbidezko Estatu batean bizi dira.
Gainera, "legaltasunaren barruan adierazten diren bitartean, ideia politikoak defendatzeko arazorik ez" dagoela azpimarratu dute.
Eztabaida
Testuaren kontra agertu den bakarra EH Bildu izan da. Julen Arzuaga bozeramaileak Kofi Annan NBEren idazkari nagusi ohiak egindako adierazpen batzuk izan ditu hizpide, izan ere, batzuentzat terrorista dena besteentzat "askatasunaren aldeko borrokalaria" izan daitekeela aitortu zuen nazioarteko diplomazialariak.
Arzuagaren ustez ETAko presoak politikoak dira, motibazioa, ekintzen testuingurua eta "gertakarien sustraia" politikoa izan zelako, eta beste alderdi batzuek esan duten moduan, biktimak politikoak izan zirelako.
Gainera, "politiko" hitza erabiltzeagatik terrorismoa goratzearen delitua leporatzeko, auzitegi batzuk gaurko saioari begira "frankotiratzaile" moduan jarrita daudela salatu du.
EAJk abstentzioa eman du, eztabaida "antzua" dela uste baitu. Hala ere, Maribel Vauqerok esan du NBEren iritziarekin bat egiten duela, ETAkoak "ez direlako kontzientzia presoak, ez dira preso politikoak", baina "motibazio politikoagatik" urratu zituzten legea eta giza eskubideak.
Gainerako alderdiek erabat errefusatu dituzte ideia horiek.
Rodolfo Aresek (PSE-EE) gogora ekarri duenez, "hilketak eta bestelako ekintza terroristak egiteagatik edo agintzeagatik" edo ekintza horiek txalotzeagatik daude preso hainbat euskal herritar.
Borja Semperren (PP) arabera, ETAko presoak "hiltzaile hutsak" dira, eta ez dira politikoak, nahiz eta biktimak politikoak izan. Horren harira, "preso politiko" deitzeak "askatasunik ez duten" beste herrialde batzuei "irain egitea" dela azpimarratu du.
Gorka Maneirok (UPyD) babesa eman dio ebazpenari, baina motz geratzen dela ohartarazi du; izan ere, bere alderdiak ETAren krimenak ukatzea delitu izatea aldarrikatzen du.
Bizkaiko BBNNentzat ere "ez dago preso politikorik"
Era berean, Bizkaiko Batzar Nagusiek ere Espainiako Estatuan ez dagoela "preso politikorik" ebatzi dute, PPren eta PSE-EEren aldeko botoekin, Bilduren kontrako botoekin, eta EAJren abstentzioarekin.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa