Politika
Nafarroako Kutxako dietak
Erredakzioa
Justiziak erabaki bat hartu bitartean itxaron behar dutela esan du Nafarroako presidenteak. Justiziak "nahi duen informazio guztia bildu" behar duela erantsi du Barcinak.
Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidentea. EFE
Albisteak (4)
Informazio gehiago (1)
UPNko eta PSNko kargudunak maiatzaren 10ean deklaratzera deitu ditu Nafarroako Kutxako dieten auziko epaileak, eta Yolanda Barcina Nafarroako eta UPNko presidenteak "une erabakigarri" hauetan Justizia errespetatzea eskatu du.
Maria Paz Benitok, Nafarroako Kutxako (CAN) ustezko dieta irregularren auzia ikertzen ari den epaileak, Alberto Catalan Foru Parlamentuko presidentea, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusia eta Jose Iribas Hezkuntza kontseilaria deitu ditu, lekuko gisa deklaratzeko.
Horiekin batera, Carlos Garcia Adanero UPNren bozeramaileak, Samuel Caro parlamentari sozialistak eta Javier Caballero Foru Gobernuko presidenteorde ohiak ere deklaratuko dute.
CANeko gizarte-ekintzaren eta estatutuen birmoldaketaren berri emateko agerraldia egin behar zuen Barcinak Nafarroako Parlamentuan. Ganberara heldu denean, Justiziarekin "errespetua eta lankidetza" matenduko duela esan du presidenteak.
Bozeramaileen Batzordeak agerraldia atzeratzea erabaki du prozeduraren inguruan desadostasunak eman direlako, egindako eskakizunari PSNk erantzun ez diola ulertuta.
Barcina ez dute dieten auzian inputatu forupekoa delako. Justiziak erabaki bitartean itxaron behar dutela azaldu du presidenteak. Justiziak "nahi duen informazio guztia bildu" behar duela erantsi du Barcinak.
"Une erabakigarriak" direla uste du agintariak, Justiziak "erabaki bat hartu behar duelako".
Bilera Jimenezekin
Bestalde, Roberto Jimenez PSNko idazkari nagusiarekin biltzeko data bihar edo etzi zehaztea espero du Barcinak. Zentzu horretan, bilera datorren astean egitea espero du.
UPNk eta PSNk desadostasun ugari dituztela azpimarratu du Nafarroako presidenteak, baina eredu instituzionalean bat datozela gaineratu du. "Egoera ekonomiko zailetik ateratzeko eta langabeziari aurre egiteko neurriak martxan jarri behar dira", adierazi du Barcinak.
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa