09:14

Politika

'Aske Gunea' hustu dute

Espetxera eraman dituzte Donostian atxilotutako Segiko sei gazteak

D.P.

Atxilotuetako lau Zaballako kartzelan daude, eta beste biak Basaurin. Milaka lagunek Segiko sei kideak aske uztea eskatu zuten atzo, Donostiako kaleetan.

1:16
  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Bidali

Arratsaldeko lehen orduan, espetxera eraman zituzten ostiral goizean Donostian atxilotutako Segiko 6 gazteak, Segurtasun Sailak jakitera eman duenez. 16:00ak aldera Martuteneko kartzelara eraman zituzten, iturrien arabera. Kondenatutako beste bi gazteak aurkitzen dituztenean atxilotuko dituztela azaldu dute iturriek.

Halere, atxilotuetako lau Zaballako kartzelara eraman dituzte eta beste biak Basaurin daude.

Milaka lagunek Segiko sei kideak aske uztea eskatu zuten atzo, ostirala, arratsaldean, Donostiako kaleetan.

EH Bildu osatzen duten alderdi guztietako ordezkariek protestan parte hartu zuten. Zigortuen senitartekoek eta absolbitutako gazteek pankarta eraman zuten, "Herri harresiekin, epaiketak gelditu" lelopean.

Pello Urizar EAko idazkari nagusiak, Dani Maeztu Aralarreko legebiltzarkideak, Xabi Soto Alternatibako ordezkariak eta Maribi Ugarteburu eta Marian Beitialarrangoitia Sortuko buruzagiek protestan parte hartu zuten. Martxa Boulevardean hasi eta bukatu zen.

EAJk Ertzaintza ''bidezkoak ez diren legeak betetzera'' bidali izana salatu dute

Atxiloketen ondoren, EAJren eta Ertzaintzaren jarrera kritikatu zuten ohar batean 'Aske Gunea' ekimeneko antolatzaileek.

Testu horretan azaldu zutenez, 06:15ean iritsi da Ertzaintza bertara, eta, ordurako, ''1000 pertsona baino gehiagok osatutako herri harresiak zigortutako gazteak babesten zituen''.

Donostia_manifestación Segi

Manifestaldia Donostian. EFE

''Ertzaintza gogor aritu da, hiru orduz, herri harresia osatzen zuten pertsonak banaka-banaka bertatik ateratzen'', adierazi zuen, eta bertan bildutakoen erantzuna azpimarratu zuten antolatzaileek: ''Erantzuna ikusgarria izan da: besoa besoarekin elkarlotuta eutsi diogu bertan bildutakoek'', gaineratu zuten.

''Ertzaintzaren bortizkeriari erresistentzia baketsuarekin erantzun diogu'', azaldu zuten, eta ''mehatxuak, irainak eta kolpeak'' jaso izana salatu zuten.

Halaber, testigantzak jasotzen ari direla iragarri zuten, zaurituen balantzea osatzeko.

Azkenik,  ''egunotan Donostiako Boulevardean bizitako elkartasun erakustaldia'' eskertu nahi izan zuten ohar horretan.

Operazio luzea

Ertzaintza Donostiako Boulevardera bertaratu zen ostiral goizean, eta Auzitegi Gorenak kondenatutako Segiko zortzi kideetako sei atxilotu zituen bertan. Beste bi pertsona ere atzeman zituzten agenteei aurre egitea egotzita, baina polizia etxetik igaro ostean aske gelditu ziren. Boulevardean, mila pertsona inguru izan dira apirilaren 9tik, kanpatuta, gazteei babesa agertu eta atxiloketak galarazten saiatzeko.

Operazioak bi ordu eta erdi iraun zuen, eta tentsio handia izan zen.

06:05ean, 36 furgoneta eta 200 ertzain inguru joan ziren Aske Gunea izeneko kanpaldira, eta lekua inguratu egin zuten.

Hain zuzen ere, Egoi Alberdi, Miker Arretxe, Oier Lorente, Adur Fernandez, Aitor Olaizola eta Ekaitz Ezkerra atxilotzera joan ziren ertzainak. Beste bi kondenatuak, Nahikari Otaegi eta Imanol Vicente, ez zeuden bertan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, polizia etxean jarraitzen dute sei atxilotuek.

Heltzean, ertzainek aipatu sei gazteak atxilotuko zituztela ohartarazi zieten kanpatutakoei. 06:30ean, manifestariak banan-banan aterarazten hasi ziren. Horiek eserita zeuden, erresistentzia pasiboa eta baketsua egiten, eta "herriak ez du barkatuko", "Iñigo Cabacas, gogoan zaitugu" eta beste hainbat aldarri oihukatzen hasi ziren.

Aske Gunea Segi istiluak efe

Ertzaintzaren operazioko irudia. EFE

08:15 inguruan, ertzainak Segiko sei gazteengana iritsi, eta atxilotzen hasi ziren. Operazioa burutu eta gero, manifestariek eserialdiak egin dituzte alboko kaleetan, atzemandakoak espetxera eramatea galarazten saiatzeko.

Ertzaintza Aske Gunea husten hasi baino lehen, Urko Aiartza Amaiurreko senatariak ertzainburu batekin hitz egin zuen, eta "erresistentzia pasiboa" egingo zutela eta ertzainen aurka ez zutela indarkeria erabiliko esan zion.

Bestalde, ertzainburuak euren asmoa manifestariak banan-banan ateraraztea zela jakinarazi zion, eta jarrera baketsua bazuten, ez zirela horien aurka oldartuko gaineratu zuen.

Erresistentzia baketsua egiteko deia

Asteartean, Auzitegi Nazionalak kondenatuak atxilotzea eta kartzelatzea agindu zuenean, kanpaldia iraunkor bihurtu zen Donostiako Boulevardean.

Egunaren 24 orduetan, gazteek hainbat jarduera egin dituzte, eta protokolo bat ere diseinatu zuten, Ertzaintza bertaratzen zen unerako.

"Herri harresiaren" partaideek "erresistentzia pasiboa" egingo zutela iragarri zuten, atxiloketak galarazteko.

Aske Gunea Segi efe

Ertzaintza Aske Gunea husten. EFE

Ertzaintza heltzeko zorian zegoela jakin dutenean, ertzainen kontrako irainik eta erasorik onartuko ez zutela ohartarazi diete Aske Guneko antolatzaileek manifestariei, eta indarkeria erabiltzen zuena Poliziaren infiltratutzat hartuko dutela nabarmendu dute.

Aurreko egunetan, Ertzaintza beste hainbat alditan gerturatu da Aske Gunera. Horietako batean, Ekaitz de Ibero gaztea atxilotu zuten.

"Gazteak dira, ez terroristak"

Egoi Alberdiren amak, Mari Paz Casanovak, adierazi duenez, atxilotutakoak "gazteak dira, ez terroristak. Lan soziala egiten dute, auzoko eta herriko lanak".

Halaber, oso kritiko mintzatu da Ertzaintzaren kontra: "Indarkeria ez zutela erabiliko esan zuten, baina azkenean erabili egin dute".

Bestalde, gazteek erakutsi duten erresistentzia pasiboa goratu du: "Oso oso kontentu nago erantzunagatik".

Gorenaren epaia

Apirilaren hasieran, Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Segiko zortzi gazteri ezarritako sei urteko espetxe zigorra, talde terroristako kide izatea egotzita. Beste zazpi absolbitu egin zituzten.

Epaiaren berri izan eta gero, Txerra Bolinaga Eleak mugimenduko bozeramaileak gazteak euren "militantzia politikoagatik" kondenatu dituztela salatu zuen.

Iruzkinak

    logo eitb nahieran
    NAHIERAN Ikusi berriro ETBko albistegiak NAHIERAN

    Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena