Politika
Elkarrizketa
I.G.
ETB-1eko ‘Euskadi Galdezka’ saioan, Urkulluk esan du azken egunetan filtratu diren Ertzaintzaren grabazioak "testuingurutik" ateratako hitzak izan direla.
Albisteak (3)
Iñigo Urkullu lehendakariak esan du Iñigo Cabacasen heriotza “erremediorik gabeko akatsa” izan zela, eta azken egunetan filtratu diren Ertzaintzaren grabazioak "testuingurutik" ateratako hitzak izan direla. "Momentu horretan akatsa izan zen, tamalez erremediorik gabeko akatsa", adierazi du.
ETB-1eko ‘Euskadi Galdezka’ saioan, Urkulluk adierazi du Jaurlaritzak epaileei “laguntza guztia” emango diela Cabacas auzia “lehenbailehen argitzeko”.
Familiari eta gizarteari esan die, Jaurlaritza prest dagoela “uneoro dakiguna azaltzeko”.
Eskumenak
Herritarren galderei erantzuteko saioan, Urkulluk nabarmendu du Espainiako Gobernuak onartutako Lege batzuen aurrean helegiteak jartzen jarraituko dutela, “gure eskumenak ukituak izango badira”. Hala ere, “aurrez aurre jarri aurretik”, ekarpenak egin eta legeak hobetzen saiatuko direla berretsi du Urkulluk.
Zentzu horretan, Espainiako Gobernuak onartu nahi duen hezkuntza lege berriaren aurrean bere "kezka" adierazi du. "Gure sistema ukitzen badigute, guk Wert ministroaren lege horri aurre egingo diogu".
Osasungintzan, "pribatizazio biderik" ez dutela bultzatuko azpimarratu du lehendakariak. Horrez gain, 'fracking'a erabiliko duten galdetuta, "ingurumenaren aurkako neurririk" ez duela hartuko agindu du.
Euskara bere Gobernuarentzat "lehen mailako" beharra dela esan du, eta gizarte zerbitzuetan oinarritutako aurrekontu batean, "beste gaietan lehentasunak" ezarri behar direla gogoratu du.
Krisia eta Bermeo
Beste herritar batek “Espainiak sortutako” krisia Euskadik zergatik ordaindu behar duen galdetu dio Urkulluri. Lehendakariak esan du “ondo dagoela” errudunak bilatzea eta “horiek zigortzea aldarrikatzea”, baina garrantzitsuagoa dela “guztion artean egoera horri aurre egitea”.
Bermeon gertatutako ezbeharra gogora ekarri du eta, kasu horretan, “herritarrek elkartasunaren bidez” egoerari aurre egin diotela azpimarratu du.
Etxegabetzeen inguruan, Jaurlaritzak protokolo bat onartu berri duela gogoratu du lehendakariak. "Epaileak jakitun jarriko ditugu, etxegabetzeak gertatu baino lehen. Modu horretan, kaltetuarekin hitz egingo dugu aurretik", adierazi du.
ETB Nafarroan
Nafarroan ETB ikusteko aukera izango duten galdetu diote lehendakariari. Urkulluk esan du "harrigarria" dela "Gobernu batek bete ez duen akordio bat hautsitzat ematea", akordioaren "beste aldearekin hitz egin gabe". "Hainbat nafarrek ETB ikusi nahi dute, baina ezin. Jaurlaritza Nafarroako Gobernuarekin hitz egiteko prest dago, ezin dugulako hau horrela utzi".
2023ko uztailaren 23ko hauteskunde orokorretako albisteak
orain albiste
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
albisteak
Kirola
kultura
© EITB - 2024 - Pribatutasun Ataria - Lege Oharra - Cookien erabilera - Cookien konfigurazioa - Gardentasuna - Kontaktua - Web mapa